Gizartea -
Eustaten datuak
EAEko langileen % 32rentzat oso zaila da familia eta lana uztartzea
Etxetik kanpo lan egiten duten eta 15 urtetik beherako seme-alabak dituzten emakumeek lau ordu eta erdi ematen dituzte horiek zaintzen, eta egoera berean dauden gizonezkoek hiru ordu baino gutxiago.
agentziak | erredakzioa
EAEko langileen % 32rentzat oso zaila da etxetik kanpo lan egitea eta adingabeen edo mendekotasunen bat duten pertsonen zaintza uztartzea, Eustat Euskal Estatistika Institutuaren ikerketa baten arabera.
Eustatek lana, familia eta bizitza pertsonala uztartzearen inguruan 2015ean egin zuen inkesta honek agerian uzten du gizonezkoen ikuspegitik zailagoa dela lana eta adingabeen zaintza uztartzea, % 72,7rentzat zailtasuna "ertaina" edo "altua" delako, eta emakumeen % 62,8 baita hori pentsatzen duena.
Etxetik kanpo ere lan egiten duten eta 15 urtetik beherako haurrak dituzten emakumeek lau ordu eta erdi ematen dituzte horiek zaintzen, eta egoera berean dauden gizonezkoek hiru ordu baino gutxiago (2,9). Gainera, emakumeen erdiak 5 ordu edo gehiago eskaintzen die haurrei.
Aldea txikiagoa da mendekotasunen bat duten pertsonak zaintzen dituztenen kasuan, gizonezkoek ordu eta erdi eta emakumezkoek bi ordu baino gehiago eskaintzen baitizkiete, batez beste.
Hala eta guztiz ere, azken bost urteetan % 36,6tik % 14,7ra jaitsi da mendekotasunen bat duten pertsonak zaintzeari bost ordu edo gehiago eskaintzen dizkiotenen kopurua.
Inkestan agerian geratzen da, era berean, gizonezkoen eta emakumezkoen artean dagoen aldea etxeko lanak egiteko garaian; izan ere, 10 gizonetik bederatzik bi ordu edo gutxiago eskaintzen dizkiote lan horri, eta hamar emakumetik hiruk hiru ordu edo gehiago.
Lan banaketa horren ondorioz, emakumeen % 14,9 ez daude batere gustura bikotekideek etxean egiten duten lanarekin.