Gizartea -
2007an desagertu zen umea
Gizon bat ikertzen ari dira Yeremi auzian nahasita dagoelakoan
Kanaria Handiko 56 urteko gizon bat da susmopean dagoena. Kartzelan dago, sexu-abusuengatik 2015ean ezarritako zigorra betetzen.
Agentziak | Erredakzioa
Algecirasko kartzelan (Cadiz) preso dagoen 56 urteko gizonezko bat ikertzen ari da Guardia Zibila, Yeremi Vargas umea bahitu eta hiltzearekin zerikusia izan dezakeelakoan. Antza, auzian nahasita dagoen zantzuak atzeman ditu Guardia Zibilak.
Yeremi Vargas 2007ko martxoaren 10ean desagertu zen Kanaria Handiko Vecindario herrian.
Guardia Zibileko iturriek jakinarazi dutenez, Kanaria Handikoa da gizona, eta 2015etik espetxean dago, hiru urte lehenago egindako sexu-abusuak direla-eta ezarritako zigorra betetzen. Ikertuak Renault 5 zuri bat du; hain justu, adingabearen desagertzearekin lotuta bilatzen aritu ziren modeloa.
Susmagarri horrek desagertutako umea legez kontra atxiki, bahitu eta hil zuen ikertzen ari dira.
Yeremi auzia ikertzen ari den epaileak susmopean izan zuen gizona, baina ikertzaileek ez zuten haren kontrako nahikoa proba bildu.
Espainiako Gobernuak ikerketa baieztatu du
Enrique Hernandez Bento Espainiako Gobernuak Kanarietan duen ordezkariak galderarik gabeko prentsaurreko batean baieztatu duenez, ikerketa martxan dago, baina "zuhurtzia" eta "pazientzia" eskatu du Guardia Zibilak bere lana egin dezan. Hernandezek ez du ikertuaren inguruko inolako daturik eman, baina zehaztu du haren autoarekin duela zerikusia ikerketak.
Ithaisa Suarez Yeremiren amak EFE agentziari esan dionez, duela hiru aste jakinarazi zion Guardia Zibilak gizon hori ikertzen ari zirela, eta "lur jota" dago ordutik. Gizona jatorriz Vecindario herrikoa ei da, baina Sardina del Surrera (Santa Lucia de Tirajana) joan zen bizitzera.