Gizartea -
Eusko Jaurlaritza
Enplegurako Lanbide Heziketaren dekretua onartu du Eusko Jaurlaritzak
Enplegurako Lanbide Heziketaren kudeaketa erakunde publiko bakar baten, Lanbideren, esku gelditzea lortu nahi du Eusko Jaurlaritzak.
agentziak | erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen dekretua onartu du Eusko Jaurlaritzak. Hori horrela, Enplegurako Lanbide Heziketaren kudeaketa erakunde publiko bakar baten, Lanbideren, esku geldituko da. Sistema berriak enplegurako Lanbide Heziketa enpresen eta lanean zein langabezian dauden langileen eskakizunekin bat etortzea du helburu, baita lan-merkatuaren gaur egungo beharrekin ere.
Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak prentsa-oharrean jakinarazi duenez, dekretu horren bidez, EAEk enplegu-politika aktiboen transferentziaren ondorioz lortutako eskumen-esparrua antolatu nahi du, Enplegurako Lanbide Heziketako sistema premiaz erreformatzeko irailaren 9ko 30/2015 Lege berritzailean (2015eko martxoaren 12ko Errege Lege Dekretutik sortua) araututako Estatu-esparruaren eskakizun berriei jarraituz.
Dekretu horrekin, Enplegurako Lanbide Heziketako euskal ereduaren diseinuan eta ezarpenean aurrerapauso garrantzitsu bat eman dela esan du Eusko Jaurlaritzak.
DEKRETUA
Dekretuaren bidez, aplikazio-eremua, hartzaileak, heziketa-ekintzak eta horien finantzazioa eta gobernamendu-sistema arautzen dira, eta kudeaketaren titularra zein erakunde izango den zehazten da.
Halaber, Espezialitateen Euskal Katalogoaren kudeaketa, heziketa emango duten entitate publiko eta pribatuak eta beraien langileentzat heziketa-ekintzak garatuko dituzten enpresak antolatzen dira.
Era berean, Enplegurako Lanbide Heziketako Entitateen Euskal Erregistroa eta Lehiakortasunaren Euskal Erregistroa sortzeko asmoa dago. Azken horrek Euskal Autonomia Erkidegoko pertsona guztien hezkuntza curriculuma barnean hartuko du, eta hala, euskal heziketa sisteman indarrean dagoen bizitza osoko prestakuntzaren printzipioa jasoko da.
Azkenik, Prestakuntza Entitateen Euskal Sarea sortzeko asmoa dago. Enplegurako prestakuntza-planak edo prestakuntza-jarduerak egiten dituzten entitate guztiek osatuko dute sare hori. Enplegurako Lanbide Heziketako sareak doako heziketa egonkorra eta etengabea eskainiko du.