Gizartea -
INGURUMENAREN MUNDUKO EGUNA
'Igurumenarekiko jarrera hobeagoa' dute EAEko gazteek
Jaurlaritzak egin berri duen ikerketa baten arabera, oro har, neskek mutilek baino gehiago zaintzen dituzte ingurumen-iraunkortasuneko jokabideak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ingurumenaren zaintzari lotutako jokabideek "bilakaera positiboa" izan dute Euskal Autonomia Erkidegoko gazteen artean. Ondorio hori atera du Gazteen Euskal Behatokiak, ekainaren 5ean ospatuko den Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren harira, egin berri duen ikerketatik. Azken lau urteotan, gazteek ingurumenaren zaintzarekiko dituzten ohiturak aztertu dituzte .
Gaur eman dituzte jakitera ikerketak utzitako datuak, eta hauek dira ondorio nagusiak: "15 eta 29 urte arteko gazteen % 64k etxeko zaborrak hondakin motaren arabera banatzen dituzte, % 61 uraren kontsumoa murrizten saiatzen dira, % 59k garraio publiko kolektiboa erabiltzen dute edota beste batzuekin batera partekatzen dute autoa, eta % 54k erosketak egiterakoan beren poltsa edo orga eramaten dute. Aitzitik, laurden bat bakarrik (% 23) saiatzen da gutxi paketatutako produktuak erosten".
Azken lau urteotan (2012tik 2016ra) jokabide horiek izandako bilakaerari erreparatuta, Behatokiak adierazi du "berdin mantentzen dela etxeko zaborrak banatzen dituzten gazteen portzentajea (% 64), eta handitu egin dela garraio publiko kolektiboa edo kotxe partekatua erabiltzen dutenena (% 57tik % 59ra)".
Dezente handitu da, txostenaren arabera, sarritan uraren kontsumoa murrizten saiatzen direnen kopurua (% 54tik % 61era), bai eta erosketak egiterakoan beren orga edo poltsa eramaten dutenena ere (% 42tik % 54ra). Gutxi bada ere, gutxi paketatutako produktuak erosten saiatzen diren gazteen kopurua ere hazi egin da (% 19tik % 23ra).
Oro har, neskek mutilek baino gehiago zaintzen dituzte ingurumen-iraunkortasuneko jokabide hauek. Bestalde, adinean gora egin ahala gehiago dira jasangarritasunari lotutako jokabideak betetzen dituztenak.
15 eta 29 urte bitarteko 1.500 gazte galdekatu ditu Gazteen Euskal Behatokiak ikerketa hau egiteko.