Gizartea -
Eguraldia
Uda giroa, gaurko eta biharko
Ostiralean, goitik eta behera aldatuko da aroa. Euria iragarri du Euskalmetek, eta tenperaturen jaitsiera (maximoak 10 bat gradu beherago).
EITB.EUS
Uda hastear da, eta eguraldia da horren lekuko. Gaur eta bihar behintzat uda giroa iragarri du Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak: beroa eta eguzkia. Ostiralerako, baina, aldaketa aurreikusi du; tenperatura maximoak 10 gradu jaitsiko dira, eta euria egingo du.
Asteazkenari eguzkitsu ekin diogu, eta horrela jarraituko du egun osoan. Dena dela, beroa izango da gaurko protagonista nagusia: barnealdean aise harrapatuko dira 30 ºC-ak, eta kostaldean 25 inguru izango dituzte. Hala, Bilbon 27 ºC-ra helduko da termometroa, Donostian apur bat beherago, 25 ºC-ren bueltan errendituko da, eta Bizkaia eta Gipuzkoa barnealdean eta Gasteizen 30 ºC-ra helduko dira. Iruñean eta Nafarroako Erriberan sargori egingo du (32 ºC) Arratsaldean bero-hodei batzuk sortuko dira mendi inguruetan; baina ez dute trabarik egingo.
Ostegunean ere eguzkia nagusi. Eguna tenperatura epelekin hasiko dugu (Bilbon, adibidez, 16 gradukoak izango dira freskoenak) eta hortik gora egingo dute termometroek, bezperako balio bertsuak harrapatuta: 26 ºC espero dituzte Bilbon, gradu bat gutxiago, Donostian, eta 29-30 ºC ingurukoak Gasteizen eta Iruñean. Arratsaldean goi-hodei batzuk agertuko dira, baina ez dute inongo ondoriorik utziko. Haizea aldakor eta ahul ibiliko da goizean, eta arratsaldean, brisa.
Ostiralean, ordea, aldaketak espero ditugu: euria eta tenperaturaren jaitsiera nabarmena (beroenak 10 gradu beherago kokatuko dira). Eguna giro lasaiarekin hasiko dugu, zerua nahikoa garbi dagoela, baina goizean hodeiak iritsiko dira, baita euria ere. Zaparrada gehienak arratsaldean espero ditugu, trumoitsuak izan daitezke eta edonon bota ditzake. Egunaren amaieran atertzera egingo du, euria egitekotan ipar isurialdean egingo du. Mendebaldeko haize bizia ibiliko da kostaldean, eta gainerako tokietan, ipar-mendebaldekoa, baina ahulago. Tenperaturaren jaitsiera nabarmena izango da, eta balio altuenak 25 °C-ren azpitik geratuko dira.
Joerak bezperako giro antzekoa iragarri du larunbaterako. Euria goizean botako du batik bat, eta tenperaturetan ez da aldaketa askorik egongo.