Gizartea -
Broward konderria (Miami)
Zigortu zuen auzitegiaren aurrean testigantza emango du Pablo Ibarrek
Baldintzapeko askatasuna bermepean eskatuko dute Ibarren abokatuek ostiral honetan, epaiketa berriaren zain familiaren esku geratzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Broward konderriko (Miamiko iparraldea; Florida, AEB) auzitegiaren aurrean lekukotasuna emango du Pablo Ibarrek ostiral honetan. Epaitegi berdinak euskal jatorriko presoari heriotza-zigorra ezarri zion 2000n. Floridako Auzitegi Gorenak zigorra baliogabe utzi zuen iragan otsailean.
Honenbestez, zigortu zutenetik 45 urteko Ibarrek bigarren agerraldia egingo du Broward konderriko auzitegiaren aurrean, Pablo Ibar Heriotza-zigorraren aurkako Elkarteak agiri batean azaldu duenez.
Euskal jatorriko presoak 2009ko martxoaren 16 eta 19 artean agerraldia egin zuen Browardeko auzitegiaren aurrean, heriotza-zigorra ezarri eta ia hamar urte geroago. AEBn jaiotako gazteari hiru pertsona hiltzea leporatu zioten; taberna baten jabea eta bi modelo.
Floridako Auzitegi Gorenak heriotza-zigorra bertan behera utzi zuen otsailaren 4an. Ibarrek ia 22 urte daramatza preso, horietako 15 Reinford espetxeko (Starke, Florida) heriotzaren korridorean. Hala, bigarren agerraldia izango du Browardeko auzitegian.
Ibar errugabea dela defendatu dute beti abokatuek. ?Jarraipen konferentzia? batean testigantza emango du presoak ostiral honetan. Aldeak epaiketa antolatzeko, eta data eta iraupena zehazteko biltzen dira, besteak beste.
Baldintzapeko askatasuna, bermepean
Baldintzapeko askatasuna bermepean eskatuko dute Ibarren abokatuek, epaiketa berriaren zain familiaren esku geratzeko.
Lehen epaiketan, 1998ko urtarrilean, Broward konderriko epaimahaiak ez zuen erruduntasun epai bat adostu eta epaileak epaiketa baliogabe utzi zuen, akusatuak krimenarekin lotzeko hatz-marken frogarik eta zantzu genetikorik ez zegoelako.
Urtebete geroago epaiketa berriro egin zuten, segurtasun kamera bateko grabaketa azaldu ondoren. Bi pertsona tabernan sartu eta hiru biktimen aurka tiro egiten ikusten ziren irudietan. Ondoren tokia miatu zuten, antza denez, dirua edo bitxien bila.
Epaiketa horren ondorioz, Pablo Ibarri heriotza-zigorra ezarri zioten 2000ko abuztuaren 28an.