Gizartea -
Senpereko lakuan
Herri Urratsek ez du behar adina laguntza jaso
Eguraldiak ez du lagundu eta, Ipar Euskal Herrian beste bi ikastola eraikitzeko finantziazioa lortzeko, elkartasun bideak zabaldu beharko dituzte urte osoan, Seaskak jakinarazi duenez.
Erredakzioa
Urte zaila izango da Seaska Iparraldeko ikastolen elkartearentzat, aurreko urteetan baino diru gutxiago biltzeaz gain, Jaurlaritzak ere diru laguntzen murrizketa iragarri baitie. Jaiaren ondoren, antolatzaileek esan dute Herri Urratsen eskuratu nahi zutena urte osoan zehar eskuratu beharko dutela.
Balorazio ezkorra egin dute antolatzaileek, eguraldiak uste baino gehiago eragin duela eta beraz, diru gutxiago bildu dutelako. Seaskaren arabera, beraz, abian jarri diren proiektuak finantzatzeko elkartasun bideak aktibatu beharko dituzte orain.
Erakundeetatik jasoko duten diru-laguntzaren murrizketak ere ez die lagunduko eta murrizketa horren aurrean kezkatuta agertu dira hasiera-ekitaldian Seaskako kideak. Dena dela, Lourdes Auzmendi Hizkuntza politikarako sailburuordeak berretsi du Iparraldeko ikastolei bultzada emango diela.
Balorazio ezkorra izan arren, eguraldi nahasiari aurre eginez jendea joan da Senpereko lakura.
Izan ere, denetarik izan da Herri Urratsen: Ipar Kataluniako taldeen ikuskizunak, egunez botatako su artifizialak edota inprobisatutako kontzertu emanaldiak. Hori guztia dirua bildu eta Iparraldean beste bi ikastola eraikitzeko.