Gizartea -

Sumendiaren erupzioa

EAEko aireportuak, zabalik

Hala ere, errauts hodeiak Tenerifeko, La Palmako eta Gomerako aireportuak ixtera behartuko du 05:00etan. Era berean, Jerezko, Sevillako eta Badajozko aireportuak itxi beharko dituzte 06:00etan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko hiru aireportuak zabalik egon dira arratsaldean, ez gure aireportuetan ez Estatuko gainerakoetan ez delako errauts hodeiaren eraginik izan.

Dena den, 16:00etatik aurrera, hodei horren bilakaerak murrizketak eragingo dizkie 20.000 eta 35.000 oineko altueran ibiltzen diren hegazkinei, AENAren arabera.

Bilboko aireportua zabalik dago goizaldeko lehen orduetatik, baina 13 hegaldi bertan behera utzi behar izan dituzte, atzo ez baitziren hegazkinak heldu, AENAk baieztatu duenez.

Aireportua itxi egin zuten atzo arratsaldean, Eyjafjalla sumendi islandiarrak eratutako errauts hodeiaren ondorioz.

Hondarribian (Gipuzkoa) eta Forondan (Gasteiz) arazo barik ari dira ere.

Zazpi aireportu itxi egingo dira Estatuan

Hala ere, Eyjafjalla Islandiako sumendiak sortutako errauts hodeiak Tenerifeko, La Palmako eta Gomerako (Kanariar uharteak) aireportuak ixtera behartuko du 05:00etan, asteartean. Era berean, penintsulan, Jerezko, Sevillako eta Badajozko aireportuak itxi beharko dituzte 06:00etan, Espainiako Aireportuak eta Airezko Nazbigazioak (AENA) jakitera eman duenez.

Aireportura joan baino lehen, airelineekin hitz egitea gomendatu die AENAk bidaiariei. Hain zuzen ere, hauek dira telefono zenbakiak: 902 404 704 eta 91 321 10 00.

Gaur, Espainia eta Europa artean 51 hegaldi (32 Portugalera eta 19 Erresuma Batura eta Irlandara) bertan behera utzi dituzte.

Atzo, AENAren sare osoan aurreikusita zeuden 5.222 hegaldietako 632 utzi zituzten bertan behera. Horitako 327 Estatu barruko hegaldiak izan ziren.

Aire zerbitzua bermatzeko

Errauts hodeiari aurre egiteko, Sustapen Ministerioak aire zerbitzua bermatzeko batzordea sortu du.

Sustapen Ministerioak agiri batean jakinarazi duenez, koordinazioa sustatuko dute aire zerbitzua bermatzeko.

Horretarako, erabilera militarrean soilik erabiltzen den aire-gunea erabiltzeko erraztasunak jarriko ditu Gobernuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea