Gizartea -
Inkesta 600 emakumeei
Abortatu zuten emakumeen ia % 30ek ez zuen antisorgailurik erabili
Inkestatutako emakumeen % 23,5ek bigarrenez abortatu zuen eta Bilbo, Madril, Granada eta Sevilla dira aurretik behin baino gehiagotan abortatu duten emakume gehien biltzen dituzten hiriak.
Erredakzioa
Haurdunaldia eten zuten emakumeen ia % 30ek -% 28,7- antisorgailurik erabili ez zuela onartu du eta hamarretako zazpik erabili zuten arren, antisorgailuaren erabilera okerragatik haurdun geratu ziren.
Hori da azken bi urtetan abortatu zuten 600 emakumeei egindako inkesta batek ezagutzera eman duen datuetako bat, Haurdunaldia Borondatez Eteteko Klinika Akreditatuen Elkarteak (ACAI) jakinarazi duenez.
Ikerketaren arabera, abortatu zutenen % 33,3entzat ez zen lehen aldia eta % 23,5ek bigarrenez errepikatzen zuen. Horren karietara, Bilbo, Madril, Granada eta Sevilla dira aurretik behin baino gehiagotan abortatu duten emakume gehien biltzen dituzten hiriak.
Abortuaren Legea onartuko dute uztailaren 5ean
Inkestatutako emakumeek batez beste 28 urte dituzte; horietako % 50,8 soldatapekoak dira, % 16 langabeak eta % 14 ikasleak.
% 65,8ek zortzigarren astean eteten dute beraien haurdunaldia, baina 15 eta 19 urte bitarteko emakumeek batez beste hamargarren astean abortatzen dute.
Uztailaren 5ean, Abortuaren Legea onartuko dute eta horrenbestez, 16 eta 17 urteko neskek abortatzeko eskubidea izango dute. Ez dute gurasoen baimenik behar izango baina horiek jakinaren gainean egon beharko dute.