Gizartea -
Genetika
Euskaldunak eta europarrak ezberdinak dira, ikerketa baten arabera
"Europa taldetan banatzen da eta talde horietako bat euskaldunak dira", ikerketa horrek baieztatu duenez. Human Genetics izen handiko aldizkarian argitaratu dute ikerketa berri hori.
Erredakzioa
Ikerketa batek baieztatu duenez, euskal herritarrak, Hego zein Ipar Euskal Herrikoak, ''talde genetikoki homogeneoa'' osatzen dute, ''Europako beste herrien aldean nabarmen desberdina''.
Biozientzietako Ikerkuntza Kooperatiboko Zentroak (Cic BioGune) garatutako ikerketaren arabera, "euskal herritarrak gainerako Europako herrietatik ezberdintzen dira, Europatik isolatuta bizi izan diren herriak ezberdintzen diren bezala; hau da, Europa taldetan banatzen da eta talde horietako bat euskal herritarrak dira".
Naiara Rodriguez-Ezpeleta ikertzailearen hitzetan, "beste herri batzuekin alderatuz, euskal herritarrek ez dute berezitasun genetikorik; izan ere, besteak beste, sardiniarrak, orkadiarrak edo errusiarrak bezain bereziak izan daitezke genetikoki."
"Espainian edo Frantzian bizi diren euskal herritarren banakako datu genetikoak maila handi batean biltzen diren lehen ikerketa da hau"; horretarako, 240 europarren 60.000 markatzaile genetiko aztertu dituzte.