Gizartea -
Selektibitatea
Ikasleen % 47k gainditu dute Selektibitateko Matematika azterketa
Hala ere, ikasleen % 97,90ek gainditu dute Selektibitatea Euskadin.
E. Lotina | eitb.eus
Gizarte Zientzien alorreko Matematika azterketara aurkeztu diren 2.798 ikasletik 1.325ek (% 47,32) gainditu dute azterketa, EHUk prentsa-ohar baten bidez jakitera eman duenez. Hala ere, proba horietan ohikoak diren errekurtsoak ebatzi ostean, ehuneko hori aldatu daitekeela ohartarazi du.
Bestalde, ikasleek azterketa horren maila salatu ondoren ikastetxe batzuek jarritako kexuak direla eta, horren arabera, 50 zentrok bidali die gutuna, eta aurten EAEko 240 ikastetxetako ikasleak joan dira proba hori egitera, EHUk nabarmendu duenez.
Aurten, aurreko urteetan bezala, Matematikako azterketa Batxilergoan ikasturtean zehar jorratutako edukiekin bat zetorrela berretsi du gaur Euskal Herriko Unibertsitateak.
"Matematika ariketa horietako batzuk testuinguru ekonomiko eta sozialean kokatzeak baliteke eragina izan izana notetan, batez beste, aurreko urteetan baino nota baxuagoak izan baitira", onartu du Unibertsitateak.
Lehen datuen arabera, Euskadin Selektibitatea egin duten 9.663 ikasletik 9.460k (% 97,90) gainditu dute azterketa.
Bestalde, aurten Hego Euskal Herrian Batxilergoa bukatu duten 12.796 ikaslek egin dute Unibertsitatera Sartzeko Proban, Selektibitatean, EHUren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren campusetan.
POLEMIKA
Milaka ikaslek Gizarte Zientzien alorreko Matematikako azterketa bertan behera uzteko eskatu zuten, oso zaila zela iritzita. Haserrea ikasle eta irakasleen artean zabaldu zen.
Irakasleek salatu zutenez, urtero ikastetxeetara bidaltzen dituzten ereduen artean ez zegoen azterketan jarri zituzten moduko ariketarik. Batxilergoan ikasitakoarekin zerikusirik ez duten ariketak jarri zizkieten, ikasleen esanetan.
Hori dela eta, sinadura bilketa abiatu zuten Change.org gizartean aldaketak egitea eskatzeko plataforman, Eusko Jaurlaritzari zuzenduta. Irakasle askok ere bat egin dute ikasleen ekimenarekin, azterketa oso zaila izan zela iritzita.
Horrez gain, erreklamazioa aurkeztu zuten unibertsitatean.