Gizartea -
Beroa Euskadin
Abisu horia, muturreko tenperatura altuengatik
Eusko Jaurlaritzak beroagatik uda honetan ezarri duen lehenengo abisua da.
EITB.EUS
Segurtasun Sailak abisu horia aktibatu du asteazken honetan izango diren tenperatura altuengatik. Bero egingo du denean, eta ez da alde handirik izango kostaldearen eta barnealdearen artean. Hala, 34 ºC izango dira kostaldean eta 35-36 ºC barnealdean.
16:00etatik aurrera, aldiz, egoera aldatzen joango da kostaldean, haizeak ipar-ekialdeko noranzkoa hartuko baitu. Ondorioz, tenperaturak behera egingo du.
Euskalmeten eguraldi iragarpenaren arabera, asteazkena egun eguzkitsua izango da, baina, ostegun honetatik aurrera, egoera erabat aldatuko da gurean. Ostegunean, tenperatura 25 ºC inguruan ibiliko da, eta ipar-ekialdeko haizeak lainoak ekarriko ditu kostaldera. Arratsalde partean, litekeena da euria egitea. Barnealdean, egun eguzkitsua izango da goiz partean, eta 30 ºC harrapatuko dituzte termometroek. Arratsaldean, aldiz, lainoak ugaritu eta tenperaturak jaitsi egingo dira.
Ostiralean ere, egun hodeitsua espero da, eta euri arriskua izango da; batez ere, isurialde atlantikoan. Tenperaturak jaisten jarraituko du.
AEMETek ere abisu hori ezarri du beroagatik Nafarroan.
Beroagatik lehenengo abisua
Uda heldu eta biharamunean, Eusko Jaurlaritzak lehen abisu horia ezarri du beroagatik. Segurtasun Sailak beroaren aurrean zuhurtziaz jokatzeko eta arriskurik ez hartzeko eskatu du.