Gizartea -

Accion Para el Respeto Animal

'Gorriti eta bere animaliak' ikuskizuna debekatzea eskatu dute

Accion Para el Respeto Animal herri plataformak 59.000 sinadura bildu ditu, Eusko Jaurlaritzari eta hiru aldundiei ikuskizuna debekatzea eskatzeko.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Accion Para el Respeto Animal herri plataformak 59.000 sinadura bildu ditu, Eusko Jaurlaritzari eta hiru aldundiei ‘Gorriti eta bere animaliak’ haur-ikuskizuna debekatzea eskatzeko. Umeek basurdekume txikiak eta beste “animalia babesgabe” batzuk “jazartzen” dituzte, plataformak salatu duenez.

Ana Moreno plataformako bozeramaileak agiri batean azaldu duenez, ikuskizun ibiltariak “Animalien Babeserako Euskadiko Legea urratzen” duela “bistakoa” da. Euskal Herriko herri batzuek ikuskizuna hartu ohi dute udan.

Konkretuki, araudiko 4.2 artikulua urratzen ari direla azaltzen du Morenok.

“Lotsagarria”

‘Gorriti eta bere animaliak’ ikuskizun “lotsagarria” dela salatu du plataformak. “Haurrentzako ekitaldi bat bezala mozorrotuta”, Euskal Herriko jaietan ibilbidea egiten du, “zaratarekin eta musikarekin herriz herri animaliak jazarriz eta estresatuz”.

Plataformaren hitzetan, ikuskizunean “basurdekume oso txikiak” askatu eta “umeek harrapatzen dituzte”. Animaliek “ikaratuta korrika egiten dute”, erantsi duenez. Era berean, hilabete eskaseko zekorrekin sokamuturrak egiten dituzte, eta oilarren arteko borrokak, haurren “harriduraren” aurrean.

“Ikuskizun iraingarria debekatzeko” eskatu du plataformak. Zentzu horretan, erakunde publikoek legea betearazi eta umeen hezkuntza bermatu behar dutela gogorarazi du. Haurrak errespetuan hezi behar direla gaineratu du, ez “animalia babesgabe batzuen sufrimenduarekiko mespretxuan”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAE albisteak