Gizartea -

Euskadin

Trafikoa iaz baino %4 handiagoa izan liteke udan

Trafikoko Zuzendaritzak uztailaren 22an eta 23an auto-pilaketa handiak egongo direla aurreikusten du. Are handiagoak oraindik, uztailaren 29aren eta uztailaren 31ren artean.

Garbiñe Saez eta Josu Zubiaga. Argazkia: irekia.eus
Garbiñe Saez eta Josu Zubiaga. Argazkia: irekia.eus
Garbiñe Saez eta Josu Zubiaga. Argazkia: irekia.eus

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak uda honetan uztailaren 1etik aurrera trafikoa zuzentzeko abian jarriko den operazioaren berri eman du asteazken honetan, ekainak 29. Aurreikusten dutenez, Euskadiko errepideetatik 1,8 milioi ibilgailu pasako dira. Datu horrek erakusten duenez, trafikoa iaz baino %4 handiagoa izan liteke aurten.

Garbiñe Saez Trafikoko zuzendariak adierazi duenez, trafiko handienak uztaileko eta abuztuko azken bi asteetan espero dira, oporretatik joan eta bueltatzen direlako herritarrak, hurrenez hurren.

Trafikoko Zuzendaritzak arreta bereziz jarraituko dituen tarteak hauek izango dira: A-8ko Kantabriaranzko irteera; Behobiako mugaldea; AP-8tik Ap-1erako sarbidea; A-1 autobiatik AP-1 autobiderako sarbidea;  eta N-622 errepidetik A-1 autobiderako sarbidea.

Gipuzkoan, berriz, AP-8tik mugara doan errepide-tartea gatazkatsuena izatea espero dute, izan ere, segurtasunagatik Frantziako jendarmeek egiten ari dituzten kontrolen ondorioz, auto-pilaketak egon daitezke.

Era berean, Ertzaintzak Trafiko Unitateko 550 kide prest edukiko ditu Irteera eta Itzulera Operazioan parte hartzeko.

Garbiñe Saezek adierazi du uztaileko azken asteburuan eta abuztuko lehenengoan espero dituztela mugimendu gehienak euskal errepideetan. Alde horretatik, uztailaren 22an, ostirala, eta 23an, larunbata, auto-pilaketa handiak egongo direla aurreikusten dute. Are handiagoak oraindik, uztailaren 29aren eta uztailaren 31ren artean. Gainera, abuztuko lehen asteburuan ere arazoak egon litezkeela uste dute (5ean eta 6an).

Bidaiarien itzulerari dagokionez, aldiz, Trafikoko zuzendariak esan du normalean ez direla hainbeste arazorik egoten, baina abuztuaren bigarren erdialdeko asteburuetan ibilgailuen kopuruak gora egiten du nabarmen.

Kontzientziazio-kanpaina

Josu Zubiaga Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburuordeak, berriz, Aste Santuko operazio bereziarekin batera martxan jarri zuten kontzientziazio-kanpainaren garapena aurkeztu du, lelo honekin: “Badugu arriskuen berri. Arduratsuak izan gaitezen”.

Gidariak sentsibilizatzeko kanpainaren mezuak uda osoan zehar hedatuko dituzte plataforma desberdinetan, eta ondorengo gaiak jorratzen ditu: alkoholaren eta drogen eraginpean gidatzeak eragindako istripuak, eta oinezkoen harrapatzeak.

Iaz hamahiru pertsona hil ziren ibilgailu batek harrapatuta (zortzi herri-gunean eta bost errepidean). Aurten, dagoeneko lau dira ibilgailu batek harrapatuta hil diren pertsonak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Euskadi argazkiak Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gizartea albisteak Albisteak Gaur Albisteak