Gizartea -

CK-SPLASH BACK

Gasteizen ekoizten da txizaren aurkako produktua

Gasteizko enpresa batek ekoizten du kalean txiza egiten dutenen kontra behin betiko konponbidea dirudien produktua.

Langile bat txizaren aurkako produktua ematen Donostian
Langile bat txizaren aurkako produktua ematen Donostian
Langile bat txizaren aurkako produktua ematen Donostian

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kalean txizarik ez egotea eta izkinak garbi izatea udal askoren ametsa izan daiteke, baina gaur egun txizaren kontu hau amesgaiztoa da oraindik udal askorentzat.

Arazo estetikoa izateaz gain, arazo ekonomiko handia ere bada, izan ere, urtero diru mordoa bideratu behar izaten da kaleetako bazterrak garbitzeko.

Arazo hau, gainera, nabarmenagoa izaten da uda sasoian, batez ere, herrietako jaiak direnean. Usai txarra eta zikinkeria kale kantoietatik herri guztira zabaltzen da, eta, azkenean, herritarrak izaten dira egoera sufritu behar izaten dutenak.

Arazo honen aurrean, Gasteizko enpresa batek behin betiko konponbidea dirudien produktu bat asmatu du: CK-SPLASH BACK. Likido garden honek bi ezaugarri nagusi ditu; batetik, hormak babesten ditu, eta, bestetik, kalean txiza egiten ari direnak zipriztintzen ditu.

Geroz eta udal gehiago animatu dira sistema berri hau probatzera, eta, gainera, "arrakasta handiz", esan du Itziar Iregi Kliner Profesional enpresako teknikariak Euskadi Irratian eskaini duen elkarrizketan.

"Hormak normalean porotsuak izaten dira, eta, beraz, txiza egiten denean barru-barruraino sartzen da", adierazi du. "Hori garbitzea oso konplikatua izaten da, eta hormari kalte egin ahal dion ur presio handia erabili behar izaten da", gaineratu du.

Produktu hau Gasteizen eta Donostian probatu dute aurretik, eta aurten, Iruñeko sanferminetan probatuko dute lehenengo aldiz.

Bestalde, oraindik erabilera industrialerako soilik saltzen badute ere, etorkizunean erabilera partikularragoa izan dezake; adibidez, etxabe eta atarietako izkinak txakurren txizetatik babesteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Gasteiz albisteak Gaurko azken orduko albistea