Gizartea -

Emakumeenganako indarkeria

Atxilotu bat Bilbon, bi emakumeri ukituak egin eta erasotzeagatik

Ertzaintzak 37 urteko gizonezko bat atxilotu du erasoarekin lotuta. Erasoa igande arratsaldean gertatu zen Bilboko Ramon y Cajal kaleko taberna batean.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

37 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo Bilbon, bi emakumeri ukituak egitea eta erasotzea egotzita.

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak zabaldutako informazioaren arabera, erasoa igande arratsaldeko zazpiak aldera gertatu zen Ramon y Cajal kaleko taberna batean. Antza denez, gizon bat tabernan sartu eta tabernan zeuden bi emakumeri poltsa lapurtzen saiatu zen eta emakumeek gizonari kargu hartu ziotenean azken horrek indarkeriaz erantzun zien eta ukituak egin zizkien emakumeei.

Gizonak barrako baso bat hartu zuen eta hitzik esan gabe emakumeetako bat jotzen ahalegindu zen. Emakumeak erasoa ekiditea lortu zuen, baina eskuan zauria egin zuen eta bertaratutako osasun langileek artatu behar izan zuten.

Ondoren, erasotzaileak tabernako hainbat altzari eta tresneria apurtu zituen eta bertan zeudenek kanporatu eta atxiki egin zuten harik eta ertzainak bertaratu ziren arte.

Ertzainek ustezko erasotzailea identifikatu zuten eta horrek oldarkor erantzun zien. Are gehiago, ertzainetako bati erasotzen ahalegindu omen zen. Hori guztia dela eta, ertzainek gizonezkoa inmobilizatu eta atxilotu egin zuten.

Halaber, Ertzaintzak ustez atxilotuarena zen labana bat topatu zuten tabernatik gertu zegoen aldamio batean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko albisteak Indarkeria matxista gaur Bizkaia Gizartea albisteak Gaurko azken ordukoa