Gizartea -
Droga
Gizonezko bat atxilotu dute Bilbon 10 droga-bilgarri irentsi ostean
Gizonezkoak positibo eman du kokainagatik eta zainketa berezien unitatean ospitaleratu dute.
Erredakzioa
Ertzaintzak Bilbon ospitaleratuta dagoen atxilotu bat (37 urteko gizon bat) jagoten ari da atzotik, drogaz betetako 10 bilgarri gutxienez irentsi omen baititu.
Atzo arratsaldeko lehen orduan, Bilboko Epaitegiko Ofizio batek emandako idatzi batean, kasu bat ikertzeko agindua zetorren. Gizon bat Bilboko osasun zentro batera bertaratu zen, eta drogaz osatutako hainbat "bola" irentsi zituela jakinarazi zuen. Dirudienez, bilgarriak urdailean lehertzearen beldur zen gizona.
Gizonezkoari egin zizkioten erradiografiek organismoan gutxienez hamar objektu zituela erakusten zuten. Gainera, analisi bat ere egin zioten eta gizonak positibo eman zuen, kokainagatik.
Gizonezkoa ospitale batera eraman zuten segituan, eta bertan jarraitzen du, baina atxilotuta dago, droga-trafikoaren delitu bat egotzita. Gaur zainketa intentsiboetako unitatean jarraitzen du.