Gizartea -
Indautxun eta Abandon
Errefuxiatuen inguruko erakusketa bat hartuko du Bilboko Metroak
Erakusketaren izenburua “Hurrengo geltokia: etorkizuna” da, eta argazkiak datorren uztailaren 31ra arte ikusi ahal izango dira, Indautxuko eta Abandoko geltokietan.
Agentziak | Erredakzioa
Bilboko Metroak errefuxiatuei buruzko argazki erakusketa bat hartuko du Indautxuko eta Abandoko geltokietan datorren uztailaren 31ra arte. Ekimen horren bidez, Sirian hasi zen gatazka armatuaren ondorioz euren etxeak utzi behar izan dituzten pertsonen egunerokoa erakutsi nahi du.
Erakusketaren izenburua “Hurrengo geltokia: etorkizuna” da, eta argazkiz beteriko 21 panel biltzen ditu. Migratzaileek egin behar duten ibilbidea erakusteaz gain, herrialde horietako biztanleei Gurutze Gorriak eskaintzen dien arreta ikusteko aukera ematen du erakusketa horrek.
Izan ere, Euskadiko Gurutze Gorriak antolatu duen erakusketaren helburu nagusia “II. Mundu Gerratik ezagutu den errefuxiatu krisialdirik larriena ikusgai egitea da”.
Alde horretatik, Gurutze Gorriak gogorarazi du orain arte osasun alorreko 770.000 esku-hartze baino gehiago izan dituztela; 7.660.000 elikagai pakete, 1.740.000 manta, arropa eta lo egiteko zaku; 650.000 kit eta higienerako produktuak banatu dituztela.