Gizartea -
San Fermin jaiak
Egoera txarreko 400 kilo elikagai atzeman dute Iruñean
Iruñeko Udaltzaingoak hainbat lagun identifikatu ditu eta, gainera, janaria prestatzeko beharrezko tresnak eta kaleko salmenta postuak jartzeko materiala konfiskatu ditu.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Iruñeko Udaltzaingoak sanferminetan saltzeko prest zeuden egoera txarreko 400 kilo elikagai atzeman ditu Nafarroako hiriburuan, tartean, saltxitxak, txistorra edota hirugiharra.
Aipaturiko elikagaiak iraungita egoteaz gain, mantentze eta hozte sistema egokiak erabili gabe gordetzen zirela jakinarazi du Udalak.
Nafarroako Foruzaingoak eta Iruñeko Udaltzaingoak atzo egindako polizia operazioan, iraungita eta egoera txarrean zeuden elikagaiak gordetzen zituzten biltegiratze gune bat antzeman zuten Iruñea kanpoaldean. Iturri horien esanetan, aipaturiko elikagaiek ez zituzten mantentze eta osasungarritasun arauak betetzen.
Udaltzaingoak hainbat lagun identifikatu ditu. Gainera, janaria egiteko bederatzi plantxa, elikagaiak prestatzeko tresnak eta kaleko salmenta postuak jartzeko materiala konfiskatu du.