Gizartea -
Emakumeen kontrako indarkeria
Gizonezko batek 22 urteko bikotekide ohia hil du Melillan
Erasotzaileak bere burua entregatu du eta Poliziari aitortu dio hilketa. Aurrekariak ditu indarkeria matxista delituengatik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gizonezko batek bikotekide ohia hil du Melillan. Biktimak 22 urte ditu eta Oviedon zuen bizilekua. Erasotzailea jatorriz marokoarra da. Hilotza Melillako hondartzan topatu dute.
Guardia Zibilak jakinarazi duenez, erasotzaileak aurrekariak ditu indarkeria matxista delituengatik eta emakume gazteak bi egun zeramatzan Melillan, semearekin batera. Gaur omen zuen Oviedora itzultzeko asmoa.
Erasotzailea Poliziak Melillan duen komisariara joan da semea besoetan zuela eta bikotekide ohia hil duela aitortu du.
Gizonezkoak biktimarengana ez hurbiltzeko agindua zuen. Oraingoz ez dakite nola elkartu diren biak Melillan.
Autopsiak argituko du emakumea nola hil duen, baina, hasierako datuen arabera, badirudi eztabaida baten ostean ito egin duela.
Haurra ondo dago eta Melillako gizarte zerbitzuek hartu dute bere gain hura zaintzeko ardura.