Gizartea -
Bero-sargoria
Beroak arazoak sortu ditu Bilboko metroan, A-8an eta Bizkaia zubian
Trenak 90 minutu egon ziren geldirik Bidezabal (Getxo) eta Sopela artean. Gainera, zazpi ibilgailu kaltetu ziren Trapagaranen, autobideko zabalkuntza-juntura hautsi ondoren.
eitb.eus
Euskadi jasaten ari den bero ikaragarriak Bilboko metroaren zerbitzua eten zuen atzo arratsaldean, Bidezabal (Getxo) eta Sopelako geltokien artean. 17:15 aldera, metroaren trenbideko zirkuituak berotu egin ziren, eta horrek seinaleztapen-sistemari eragin zion. 18:30 arte ez zen zerbitzua berriro martxan jarri.
Metroko iturriek jakitera eman dutenez, bidaiariak autobusez eraman zituzten Bidezabaletik Sopelara, Urdulizko geltokiko lanak direla-eta Plentziara joateko ematen ari diren zerbitzua aprobetxatuz.
Arazoa konponduta, 18:30 aldera, tren zerbitzua martxan jarri zuten berriro, eta zerbitzuak normaltasuna berreskuratu zuen pixkanaka-pixkanaka.
Gainera, zazpi ibilgailu kaltetu ziren Trapagaranen, beroaren eraginez A-8 autobideko zabalkuntza-juntura bat hautsi ondoren, Kantabriako noranzkoan, Radio Euskadik zabaldutakoaren arabera.
Bestalde, Bizkaia zubiaren zerbitzua ezustean eten zuten 14:00ak aldera, El Correo egunkariak jakitera eman duenez. Teknikariek 15 minutu behar izan zituzten arazoak konpontzeko. Antza denez, beroak kalte egin zion komunikazioen sistema elektronikoari.
Azkenik, sute bat izan zen atzo arratsaldean Lantaronen (Araba), eta 50 hektarea zereal eta basobera kiskali ziren.
Sargori
Euskalmet Meteorologiaren Euskal Agentziaren iragarpenaren arabera, bero sargoria egingo du asterte honetan ere.
Eguzkia jaun eta jabe izango da, eta bero- hodeiak ugarituz joango dira barnealdean arratsaldean eta gauean. Tenperatura maximoetan ez da aldaketa handirik espero, eta oso altuak izango dira; balio altuenak 39-40 graduren bueltan egon daitezke berriro hainbat puntutan.
Haize aldaketa
Haizeak egunaren lehenengo partean hego-ekialdetik joko du, baina arratsaldean mendebal/ipar-mendebaldera aldatuko da kostaldean, eta indarrez sar daiteke, lehenengo Bizkaian eta arratsaldearen bukaeran Gipuzkoan eta Lapurdin.
Haize aldaketa honekin, baliteke tenperatura maximoak aurreko egunean baino pitin bat beherago geratzea kostaldearen mendebaldean.
Datuak hiriburuz hiriburu aztertuta, Bilbon, 23 gradu espero dira gutxienez eta 35 gehienez; Donostian, 22 gutxienez eta 37 gehienez; Gasteizen, 17 gutxienez eta 38 gehienez; eta Iruñean, 20 gutxienez eta 40 gehienez.
Itsasoan hego-ekialdeko haizea ibiliko da, 3-4ko indarrarekin eta 5eko tarteekin goizaldean. Arratsaldeak aurrera egin ahala, ipar-mendebaldetik finkatzen joango da, 3ko indarrarekin eta 4ko tarteekin aldaketaren unean.
Itsaso kizkurra edo itsaskirria eragingo du. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 0,5-1 metro arteko olatuak altxatuko ditu. Itsasgora 15:23an izango da, eta itsasbeherak, 09:07an eta 21:32an. Uraren tenperatura 21 gradukoa da, eta ikus-eremua hamar kilometrotik gorakoa izango da.