Gizartea -
Kantabrian
Bi mendizale euskaldun erreskatatu dituzte Europako Mendietan
Erreskate langileek zailtasun handiak izan dituzte zauritutako bi mendizaleak artatzeko, besteak beste, eremuaren konplexutasunagatik edota eguraldiagatik.
Agentziak | Erredakzioa
Kantabriako Gobernuaren helikoptero batek bi mendizale euskaldun erreskatatu ditu Europako Mendietan. Horcado Gorria horma eskalatzen ari zirela ezbeharra izan dute mendizaleek. Batek eskua apurtu du, eta, besteak, orkatila, Kantabriako larrialdi zerbitzuak ohar baten bidez jakitera eman duenez.
Atzo, asteartea, arratsaldean, izan zen erreskatea. Zaurituetako batek ainguraketa askatu zuen eta hamabost metroko jauzia egin zuen. Kolpe handia jaso zuen eta, ondorioz, orkatila hautsi zuen. Bere kidea, aldiz, ez zen jausi, baina eskua apurtu zuen.
Une horretan, larrialdi zerbitzuei deitzea erabaki zuten mendizaleek. Orduan, Kantabriako Gobernuak helikoptero bat bidali zuen zauritutako bi mendizaleak erreskatatzeko eta gertatutakoaren berri eman zion Guardia Zibilaren mendiko erreskateetarako unitateari.
Erreskate lanetan zailtasun handiak izan zituzten langileek, besteak beste, eremuaren konplexutasunagatik, eguraldiagatik eta hormen gertutasunak helikopteroaren lana asko zailtzen zuelako.
Horregatik, erreskate taldeko kideak oinez iritsi behar izan ziren zaurituengana. Orkatila hautsita zuen mendizalea helikopteroaren laguntzarekin artatu zuten. Bestalde, beste zauritua bere kabuz jaitsi zen toki seguruago batera, erreskate taldeko kideekin batera.