Gizartea -
Telebista
Nolakoa izan da 'Lost'en amaiera?
Fenomeno sozial bilakatu den telesail estatubatuarraren azken kapitulua ikusteko zinema batean elkartu diren jarraitzaileen iritziak bildu ditugu. Goizaldean emititu dute munduko 59 herrialdetan.
Erredakzioa
Sei denboraldi eta gero, gaur bukatu da ''Lost'' telesail ezaguna. Mundu osoko milioika lagunek ikusi dute Jack Shephard, John Locke eta Oceanic 815 hegazkinaren istriputik bizirik atera ziren gainerako lagunen abenturaren amaiera. Azken kapitulua "hotza" izan dela diote, baita "ustekabekoa" ere, ohiko amaiera izan duelako, kontrakoa espero zenean.
Aurrekaririk gabeko telebista fenomenotzat jotzen den telesail honen azken kapitulua goizaldean emititu da, mundu osoko 59 herrialdetan. Gainera, lehenengo aldia izan da Espainian eta AEBetan estrainaldi bat aldi berean ematen dela. Madrileko zinema batean, esaterako, 700 lagun bildu dira. Goizaldeko 06:00etan hasi da azken kapitulua, oihu eta txalo zaparrada artean; bi ordu eta erdi geroago isiltasuna nagusitu da. "Tristura" izan da gehien errepikatu den sentimendua, izan ere, "aro baten amaiera" izan da gaurkoa. Azken kapituluari dagokionez, asko "desengainatuta" agertu dira; gutxi azaldu dira pozik eta beste batzuek hausnartzeko denbora behar dutela esan dute. "Ordu asko daramatzagu hemen, oraindik ez dut iritzirik, pentsatu egin behar dut", adierazi du zinemara pijama jantzita joan den 20 urte inguruko gazte batek. 150 minutuko iraupena izan du ''The End'' izeneko azken kapitulu bikoitzak. J.J. Abrams, Damon Lindelof eta Jeffrey Lieber sortzaileen arabera, "erantzunak emateko" kapitulua da. Erritmoa eta eszena hunkigarriak ditu. Iragarkietarako tarte barik emititu da; alabaina, 8 minutuko etenaldi bat izan da, amaierari heldu aurretik.
Espainian Cuatro eman du ''Lost''en azken kapitulua. Ingelesez eta azpitituluekin eskaini du, AEBetan emititu eta ordu erdira eskaini duelako.
''Lost''ek amaiera itxia dauka. Jarraitzaile baikorrenen iritzian, "oraindik zer pentsatu ematen du". Alabaina, telesaileko aurpegi ezagun asko faltan bota dituzte eta, batez ere, erantzunak. "Zer da isla?", galdetu du ikusle batek, bere burua engainatuta sentitzen duela esan ostean. "Eta estatuarena zer? Ez dute ezer azalduko? Nahiago dut horretan ez pentsatu", erantsi du haserre.
Orain ''Lost''i alfonbra gorria azken aldiz igarotzea geratzen zaio, sei Emmy eta Urrezko Globo bat irabazi eta gero. Emmy Sarien antolakuntzak baieztatu du azken kapituluak lehiaketan parte hartuko duela.
''Lost''ek, espero ez zen moduan, ohiko amaierarekin esan du agur, eta, ''Heroes'' eta ''Flash-Forward'' telesailen emaitza txarrak aintzat hartuta, ez du ordezkorik izango. Gauzak horrela, galdera ondokoa izan daiteke: Pantaila handira egingo al du jauzia ''Lost''ek?