Gizartea -

Gertakizuna

Gizon bat eta bere semea hil egin dira Sestaon, sute baten ondorioz

Hildakoak 74 eta 45 urtekoak ziren. Zigarro baten edota zirkuitulabur baten ondorioz hasi da sua, alkatearen esanetan. Bi dolu egun egitea erabaki du Udalak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hirurogeita hamalau urteko gizonezko bat eta haren semea (45 urtekoa) hil egin dira eta beste bost pertsona toxikatu gaur goizaldean Sestaoko (Bizkaia) etxebizitza batean piztutako sute batean, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak baieztatu duenez.

Sua 00:20an piztu da, Chavarri kaleko eraikin baten bigarren solairuan.

Aipatu iturrien arabera, gela batean hasi da sutea, eta ondorioz errauts eginda geratu da. Sugarrek, gainera, kalte handiak egin dituzte etxebizitza osoan eta ke handia eratu dute. Hori dela eta, goiko solairuak hustu egin behar izan dituzte, eta suhiltzaileek hamar pertsona inguru erreskatatu dituzte balkoietatik eta leihoetatik.

Kea arnastu duten lehen pertsonak artatzen zeuden bitartean, erreskate taldeek komunean babestuta zeuden hiru pertsona atzeman dituzte, hirugarren solairuan. Hirurak familia bereko kideak ziren.

Horietako bat, 45 urteko gizonezko bat, hilik aurkitu dute, eta gainerakoak, haren gurasoak hain zuzen, ospitaletara eraman dituzte. Ama San Eloyra, eta aita Gurutzetara. Gizona, baina, hil egin da handik eta gutxira.

Beste lau pertsona ere ospitaletara eraman dituzte, kea arnastu dutelako, baina hiruri senda-agiria eman diete jada.

Udalak egin duen osoko bilkuraren ostean, Marcos Merino alkateak datu berriak azaldu ditu: antza, gaizki itzalitako zigarro baten ondorioz edota zirkuitulabur baten ondorioz hasi da sua.

Sestaoko Udalak bi dolu egun egitea erabaki du.

Gurutzetara eraman dituzten pertsonetatik, batek ospitalean jarraitzen du. 25 urteko gazte bat da. Antza, auzotarrei eraikinetik ateratzen laguntzen ibili denean, lurrera jauzi eta orkatila bihurritu zaio.

Suhiltzaileen "azkartasuna" ere goraipatu du Sestaoko alkateak. Bere hitzetan, suhiltzaileen lanari esker gertaera ez da hain larria izan. Eraikina "ondo" zegoela nabarmendu du Merinok.

Eraikineko bizilagun gehienak Sestaoko hotel batera eraman dituzte, baina batzuk senideekin joan dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea