Gizartea -

Araua

Zirkulazio Lege berria indarrean da

Isunak garaiz ordaintzea % 50 merkeagoa izango da, puntuen galera eragiten duten arau-hausteak 20ra murriztu dira eta isunen zenbatekoak bateratu dituzte.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Isunak oharra jaso eta 20 egun igaro baino lehenago ordainduz gero % 50 merkatuko dira gaurtik aurrera indarrean den Zirkulazio Lege berriarekin. Arauarekin, isunak ordaintzeko bidea erraztu nahi dute eta arau-hausteak egiten dituztenen laurdenak isunik ez ordaintzea saihestu.

Astearte honetatik aurrera, arau-hauste bat egin bezain laster agenteak salaketa buletin bat emango dio gidariari eta bertan gidariaren datuak, arau-haustea, zenbatekoa eta puntu galera, egongo bada, agertuko dira.

Gainera, lege berriak isuna ordaintzeko edo helegitea sartzeko ezartzen dituen egutegia agertuko da salaketan. Bi aukera ematen ditu: helegitea sartzea edo 20 egun naturaletan isuna ordaintzea, % 50eko deskontua ekarriko duena, baina ezingo da helegiterik sartu eta puntu galera badago, hurrengo egunean bertan gauzatuko da.

Isuna Internet bidez ordain daiteke DGTren webgunean izapideen eta isunen atalean, Correosen bulegoetan edo Banco Santanderren edozein sukurtsaletan.

Isunen bitartez bildutako diruarekin errepideetako segurtasun politikak finantzatuko dituzte eta zati bat istripuetako biktimei emango diete.

Puntu galera eragingo dute arau-hauste gutxiago

Arau berriarekin, 20ra murriztu dute puntu galera eragiten duen arau-hauste kopurua.

Isunen zenbatekoa bateratu egingo da udal guztietan eta ez da aldatuko polizia desberdinen arabera. Arau-hauste arinek 100 euroko isuna izango dute, larriek 200 eurokoa eta oso larriek 500 eurokoa.

Hutsegiteen katalogoa hazi egin dute: ezin da GPSa programatu gidatzen ari den bitartean eta matrikula irakurgaitz izatea isun larriarekin zigortuko da, gida-baimenik ez duen norbaiti autoa uztea bezala.

Txirrindulariek argiak eta islatzaileak eraman beharko dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea