Gizartea -

Operazioa

32 lagun atxilotu dituzte nazioarteko arma eta droga-trafikoagatik

Dirua zuritzen zuen bandako buruzagia Malagan bizi zen. Polizia Nazionalak 20 lagun atxilotu ditu. Bien bitartean, beste 12 pertsona Irlandan eta Britainia Handian atxilotu dituzte.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Irlandako banda kriminal baten aurkako operazioa egin dute gaur. Ustez nazioarteko arma eta droga-trafikoa egiten zuen bandak. 32 lagun atxilotu ditu Poliziak Irlandan, Britainia Handian eta Espainian.

Dirua zuritzen zuen bandako buruzagi irlandarra Costa del Solen bizi zen. Zenbait hilketarekin harremana duen mafia familia baten aurkako nazioarteko operazioa izan da, Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroak azaldu duenez.

Sarekadak astearte goizaldean hasi dira aldi berean, hiru Estatuetan. Krimen antolatuaren kontrako "kolpe gogorra" izan da, Trevor Pearce Krimen Larri eta Antolatuaren aurkako Agentziako (SOCA) zuzendariak komunikatu batean azpimarratu duenez.

Dirua zuritzea

Erakunde kriminalak Irlandako, Espainiako eta Britainia Handiko enpresen bidez dirua zuritzen zuela uste du SOCAk.

Espainiako Polizia Nazionalak 20 lagun atxilotu ditu, Christopher Kinahan Chisty 53 urteko irlandarra barne. Kinahan Malagan bizi zen. Kinahanek Costa del Solen zuen etxea banda kriminalaren egoitza zen, Poliziaren arabera. Daniel eta Christopher haren semeak ere atxilotu dituzte.

Britainia Handian, 230 bat agentek lokalak eta etxebizitzak miatu, eta bederatzi gizon eta bi emakume atxilotu dituzte. Irlandan, Dublinen eta County Meathen miaketak egin dituzte eta beste lagun bat atxilotu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea