Gizartea -
La Palman
Suteagatik hustutako bizilagunak euren etxeetara itzuli dira
Asteazkenetik darama piztuta suteak, eta 4.000 hektarea baino gehiago kiskali ditu dagoeneko. Ustezko erantzulea espetxean dago.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
La Palmako suteagatik larunbat honetan ebakuatutako bizilagunak euren etxeetara itzultzen hasi dira La Escaleta auzoan, Fuencaliente udalerrian, eta baita Montes de Luna eta Tigaleteko auzoetan ere, Mazon, CECOES 1-1-2k jakinarazi duenez.
Montes de Luna udalerriko bizilagunek Fuentecalienteko hotelean igaro dute gaua eta Tigalateko herritarrak, berriz, Mazo udalerriko aterpetxe batera eraman dituzte. Ebakuazio lanetan Kanariar uharteetako Poliziak, Gurutze Gorriak, Udaltzaingoak eta Guardia Zibilak parte hartu dute.
Bestalde, 2.500 pertsonak etxera itzuli ahal izan dute El Pason eta Fuencalienten. Aipaturiko inguru horretan suhiltzaileek garrak kontrolpean hartzean lortu dute, baina oraindik ez dute itzali.
Atzo, Los Llanos de Aridaneko (La Palma) 2. instrukzio epaitegiko epaileak bermerik gabe espetxera bidali zuen sua eragitea egotzita atxilotu zuten 27 urteko alemaniarra. Gazte alemaniarra sua piztu zen gunean atxilotu zuten eta poliziei aitortu zien sutea nahi gabe eragin zuela. Azaldu zuenez, mendian kaka egin ostean garbitzeko erabili zuen paperari su eman zion, eta horrek eragin ei zuen sutea. Gizonari zuhurtziagabekeria astunagatik baso-sutea eragitea leporatu diote.
Asteazkenetik darama piztuta suteak, eta 4.000 hektarea baino gehiago kiskali ditu dagoeneko.