Gizartea -

Gaurtik

'Gaur Egun' eta 'Teleberri', zuzenean eta noiznahi eitb.com-en

Azken zazpi egunetako albistegiak oso-osorik egongo dira eskuragarri. Gainera, eguerdiko 'Gaur Egun' eta gaueko 'Teleberri' zuzenean eskainiko dira eitb.com-en.

eitb.com

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Telebistaren albistegiak Internetera iritsi dira. Gaurtik, ''Gaur Egun'' eta ''Teleberri'' albistegiak, eguerdikoak nahiz gauekoak, oso-osorik egongo dira eitb.com atarian. Gauzak horrela, erabiltzeak une oro izango ditu eskuragarri azken zazpi egunetako albistegiak. Gainera, titularrak bakarrik edo informatiboa osorik ikustea aukeratu ahal izango du.

Horrez gain, eitb.com-ek zuzenean eskainiko ditu eguerdiko ''Gaur Egun'' (astelehenetik larunbatera 14:00etan eta 14:30etan igandeetan) eta gaueko ''Teleberri'' (20:58).

EITB Taldearen apustuetako bat kalitatezko albistegiak euskarri guztietan eskaintzea da, eta egitasmo hau abian jarrita, urrats berria eman du. Era berean, erabiltzailearen esku Interneten edukiak jartzeko joerari heldu dio, kasu honetan albistegiak edozein unetan eta edozein tokitik ikusteko aukera emanda.

Roberto Montalvillo ETBko Albiste Zerbitzuen zuzendariak adierazi duenez, "albistegiak webgunean jarrita, kontsumitzeko modu berriari erantzutea da eta erabiltzea ez da zertan plataforma tradizionaletara lotuta egon behar". Montalvilloren iritzian, "edukiak edonon eta edonoiz kontsultatzeko aukera eskaintzea da joera; jada, erabiltzaileak ez du zertan albistegia telebistan eskaintzen dugun orduan ikusi behar. Ikusentzule potentzialen beharrizanetara egokitu gara, EITBren informazioa jasotzeko erraztasunak jarrita eta albistegien presentzia taldeko medio guztietan nabarmenduta".

Edurne Ormazabal eitb.com-eko zuzendariaren esanetan, "EITB Taldeko plataforma ezberdinak bateratzeko pausu berria eman dugu; gainera, marka irudia sendotu dugu eta gure zerbitzu publiko izaerari erantzun diogu".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea