Gizartea -
Nafarroa
Añelarran harrapatutako espeleologo frantziarra erreskatatu dute
Onik atera dute salbamendu-taldeek. Asteartetik egon da harrapatuta Nafarroako Pirinioetako leize batean.
EiTB.EUS
Añelarrako leize batean (Nafarroako Pirinioetan) asteartetik harrapatuta zegoen espeleologo frantziarra erreskatatu dute, azkenean, larunbat honetako goizaldean, Euskadi Irratiak jakitera eman duenez. 200 bat metro sakoneran izan da espeleologoa, eta, azkenean, salbamendu-taldeek atera ahal izan dute. Onik dago, nahiz eta zauri batzuk dituen, bizkarrean, sabelean eta sorbaldan.
Helikoptero batek Paueko erietxe batera eraman du gizona. Bertan artatzen ari dira, eta sendatzen ari da.
Guardia Zibil eta Jendarmeriako zenbait talde berezi etengabe ibili dira lanean 37 urteko espeleologoa erreskatatzeko. Jana, edana eta botikak eman ahal izan dizkiote harrapatuta zegoen tokian.
Erreskate-lanak ez dira errazak izan, kontuan izanik leizea oso estua dela; izan ere, kontrolatutako leherketa txiki batzuk egin behar izan dituzte, espeleologoarengana heldu ahal izateko. Azkenean, larunbateko lau eta erdiak aldera atera ahal izan dute.