Gizartea -
Donostian
Euskotrenen Amarako langileak lanuzteak egiten hasi dira
Langile finko gehiago kontratatzea eskatu diote enpresari. Lanuzteak abuztuaren 21era bitartean luzatuko dira. Gainera, irailean ere izango dira.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Euskotreneko langileek lanuzteak egingo dituzte ondorengo egunetan, Amarako lantokian, Donostian, eta Arasokoan, Irunen, enpresak langile finko gehiago kontrata ditzala eskatzeko. Gauzak horrela, lanuzteak larunbatean hasi dira, hilak 13, eta abuztuaren 21era jarraituko dute. Gainera, irailean ere izango dira: 4ean, 9n, 11n eta 12an, hain zuzen ere.
Abuztuko lanuzteak 19:00etatik 02:00ak arte izango dira. Irailaren 4an eta 11n, berriz, 08:00etatik 15:00ak arte; 22:00etatik 04:00ak arte irailaren 9an, eta egun osoan irailaren 12an.
Donostiako Aste Nagusia dela eta, Eusko Jaurlaritzak zerbitzu minimoak ezarri ditu, "puntako orduan zerbitzuaren % 75 bermatzeko asmoz".