Gizartea -
Polizia-operazioa
Droga berriak munduan banatzen zituen laborategi bat deseginda, Leioan
Bi britainiar atxilotu dituzte. Laborategiak diseinu-droga sintetikoak bidaltzen zituen atzerriko hainbat herrialdetara.
Agentziak | EiTB.EUS
Droga mundu-mailan banatzen zuen Leioako (Bizkaia) laborategi bat desegin du Guardia Zibilak. Laborategiak diseinu-droga sintetikoak bidaltzen zituen atzerriko hainbat herrialdetara: Europara, Ozeaniara eta Ipar Amerikara; bereziki, Estatu Batuetara. Bi britainiar atxilotu dituzte operazioan.
Ezkutuko laborategia zen aipatu zentroa; bertatik, hainbat Substantzia Psikoaktibo Berri banatzen munduko zenbait tokitara.
Agenteek 17.000 apalgarri konfiskatu dituzte, bai eta LSDko 8.700 bat dosi, 10 kilo hauts bizigarri (anfetamina motakoa) ere. Halaber, zehaztasun-baskulak, ekipo informatikoak, gutun-azalak, zigiluak eta dokumentazio ugari ere bazeuden, substantziak egin eta banatzea xede.
Guardia Zibilak jakitera eman duenez, konfiskatutako droga sintetikoak hainbat modutan zeuden: apalgarriak, pilula moduan; bizigarriak, hauts bezala; eta haluzinogenoak, azidoak bustitako kartoietan.
Ikerketa abuztuaren 2an abiatu zen eta ostiral honetan amaitu; hura indarrean izan den bitartean, Guardia Zibileko agenteek industria-nabe bat aurkitu zuten Leioan, zeina erabiltzen zuten legez kontrako laborategi bezala. Bertan, substantziak manipulatu, dosifikatu eta postaz banatzen zituzten, nazioarte-mailan.
Hainbat gutun-azaletan ikusi zituzten substantziak
Nabetik gertu dagoen gutunontzi batean atzemandako zenbait gutun-azaletan ikusi zuten substantzietako batzuk zeudela; hortaz, nabean sartu ziren agenteak, miatzeko.
Substantziak kutxa txikietan zeuden gordeta, eta dokumentazio ugari zegoen: bidalketak, fakturazioak, material informatikoa, balantzak, zigiluak jartzeko makinak, eta substantziak manipulatzeko hainbat gailu.
Operazioa Bizkaiko Komandantziaren Guardia Zibilaren Polizia Judizialeko Unitate Organikoak garatu du, eta zenbait erakunderen babesa ere izan du, hala nola Medikamentuaren eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziarena eta Europako Polizia Bulegoarena ere.