Gizartea -
Tabakoaren kontrako kanpaina
Glamourra? Ez, ahoko minbizia
MOEk emakumea aukeratu du tabako kontsumoaren kontrako kanpainaren irudietarako, tabako konpainiek publizitate "estrategia bortitzak" erabiltzen baitituzte gizartearen sektore hori erakartzeko.
Munduko Osasun Erakundeak (MOE) tabako konpainiek emakumeak erakartzeko eta erretzaileak geroz eta gazteagoak izan daitezen egiten dituzten publizitate "estrategia bortitzak" salatu ditu.
Hori horrela, Tabakorik Gabeko Nazioarteko Egunaren harira, MOEk kanpaina bat jarri du abian. Horietan, emakumeen irudiak erakusten dituzte, gehienetan zigarroa ahoan dutela agertzen dira, baina beste batzuetan tabakoaren ondorioz sortutako gaitzen eragina ikus daiteke mezu argi baten ondoan: "Glamourra? Ez, ahoko minbizia". Horrekin, zigarroen kontsumoari zerion glamour kutsua behin betiko deuseztatu nahi dute.
Hala ere, Munduko Osasun Erakundeak argi adierazi nahi izan du askoz ere gizonezko gehiagok erretzen dutela, gizonezkoen % 40k eta emakumezkoen % 9k hain zuzen ere.
Horiek horrela, munduan dauden 1.000 milioi pertsona erretzaileetatik, 200 milioi dira emakumezkoak, eta hori merkatua zabaltzeko aukera handi bat izan daiteke tabako konpainientzat.