Gizartea -

Martzillan

Sei bahiketa birtual kasu salatu dituzte Nafarroan

Biktimek dei anonimo bat jaso zuten, ustez bahituta zuten gertuko norbait askatzeko dirua eskatuz. Dena den, gaizkileek ez zuten euren helburua lortu.

Bahiketa birtualagatik jarritako sei salaketa ikertzen ari dira Nafarroan. Argazkia: EiTB
Bahiketa birtualagatik jarritako sei salaketa ikertzen ari dira Nafarroan. Argazkia: EiTB
Bahiketa birtualagatik jarritako sei salaketa ikertzen ari dira Nafarroan. Argazkia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guardia Zibilak ikerketa abiatu du Martzillako (Nafarroa) sei herritarrek jarri dituzten salaketak argitzeko asmoz. Atzo, asteazkena, aurkeztu zituzten salaketen arabera, telefono-dei anonimoak jaso zituzten, gertuko norbait bahituta zutela esanez eta aske uzteko dirua eskatuz. Guardia Zibilak jakitera eman duenez, gaizkileek ez zuten euren helburua lortu, baina egoera horrek estutasuna eragin zien biktima batzuei, eta artatu egin behar izan zituzten.

Orain arte salatu diren kasu gehienetan, berdintsu jardun dute gaizkileek. Ustezko bahitzaileak atzerritik deitzen du, normalean ezkutuko zenbaki batetik, eta gertuko norbait bahitu duela jakinarazten dio biktimari. Orduan, pertsona hori askatzeko, 2.000 eta 10.000 euro arteko diru-kopurua eskatzen dio gaizkileak.

Gainera, berehala ordaintzeko presioa egiten dio biktimari, ustez bahituta dagoen pertsonarekin harremanetan jartzeko denborarik izan ez dezan. Tentsioa handitzeko, gertuko senide horren grabazioak erabiltzen dituzte, eta dirua transferentzia bidez bidaltzeko eskatzen dute.

Horren aurrean, Guardia Zibilak hainbat gomendio eman ditu horrelako delituen aurrean zer egin behar den jakiteko, baina lasai egotea funtsezkoa da. Hauek dira kontuan hartu beharreko beste aholku batzuk: gaizkileari hitz egiten utzi, entzun eta, ahal bada, deia grabatu; ez eman inoiz datu pertsonalik; ustezko bahitua non dagoen egiaztatzen saiatu; eta, azkenik, gaizkileari ustez bahituta dagoen pertsonari buruzko galdera zehatz bat egin.

Horrez gain, ordainketarik ez egitea, deia etetea, Poliziari gertatutakoaren berri ematea eta sare sozialetan segurtasuna indartzea gomendatzen du Guardia Zibilak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroako albisteak Delituak albisteak Gizartea albisteak Eguneko albisteak Eguneko albisteak