Gizartea -
98 urte zituen
Louise Bourgeois eskultorea hil da New Yorken
Lan abstraktuak eta surrealistak egin ditu artista frantziarrak, besteak beste, 'Mamá', Bilboko Guggenheim zaintzen duen armiarma.
Erredakzioa
Louise Bourgeois artista frantziarra hil da gaur, New Yorken. 98 urte zituen eta bere eskultura abstraktuengatik ezaguna zen. Eskultorea ospitale batean hil da.
Lan abstraktuak eta surrealistak egin ditu artista frantziarrak, eskulturak eta marrazkiak batez ere. Bilboko Guggenheim alboan dagoen Maman brontzezko armiarma erraldoia egin zuen. Bederatzi metroko altuera du armiarmak.
Fernand Leger artistarekin lan egin zuen Bourgeoisek eta 40ko hamarkadan New Yorkera joan zen. Bertan egin du bere ibilbidea eta AEBetako artista gazteengan eragin handia izan du.
Eduki sexuala
Altzairuzko, brontzezko, kristalezko, egurrezko eta harrizko eskulturak egin ditu Frantziako artistak, eta sarritan eduki sexuala izan dute.
Margolanak egin zituen, eta baita obrak paperean, zurean eta kristalean ere. Era berean, kaleko objektuekin hormak egin zituen, baita marmolezko, metalezko, plastikozko eta latexko eskulturak ere.
1911n Parisen jaio zen, eta hasiera batean gurasoei lagundu zien tapizak konpontzeko dendan. Ikasketa artistikoak Frantziako hiriburuan hasi zituen eta Fernand Leger margolariaren ikaslea izan zen. 1938an New Yorkera alde egin zuen, Robert Goldwater historialariarekin ezkondu ostean.