Gizartea -
Eustaten datuak
Iker eta Ane, jaioberrien artean gehien errepikatzen diren izenak
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gurasoek izen euskaldunak eta laburrak jartzen dizkiete haurrei. Gainera, ez dira batere originalak, Ane da nesketan gehien errepikatu den izena azken 14 urteotan.
Erredakzioa
Iker eta Ane dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako jaioberrien artean gehien errepikatzen den izena. Orokorrean, gurasoek izen laburrak eta euskaldunak jartzen dizkiete seme-alabei.
Eustat Euskal Estatistika Institutuak jakitera eman duenez, 1996tik, hau da, duela 14urtetik, Ane da nesken artean gehien errepikatzen den izena.
2006 eta 2008 arteko jaiotzak kontuan izanda egindako ikerketaren arabera, nesken artean Uxue eta Nahia izenek hartu dituzte hirugarren eta laugarren postuak hurrenez hurren, eta horien atzetik geratu dira Irati, June eta Naroa.
Ikerren atzetik, mutilen kasuan Jon, Unai, Aimar, Markel eta Ander dira errepikatuenak.
Izen laburrak eta euskaldunak
Guraso gehienek izen sinpleak erabiltzen dituzte, baina konposatuen artean Jon Ander da ohikoena mutilen kasuan, eta nesken artean gutxi dira Maria izenarekin hasten diren izen konposatuak, lehen asko jartzen baziren ere.
Gehien erabili diren 25 izenen artean, 21 euskaldunak dira eta 4 soilik gaztelerazkoak bai mutilen kasuan bai neskenean. Adrian, Alain, Pablo eta Martin dira lehenak mutilen kasuan eta Lucia, Paula, Sara eta Maria neskenean.
Era berean, azpimarragarria da izen desberdin kopuruaren gorakada. Askok jatorri txinatarrekoak, afrikarrekoak, arabiarrekoak, italiarrekoak edo ingelesekoak dira.
Nesketan % 71,3 hazi da izen desberdinen kopurua 1999tik, eta mutiletan bikoiztu.