Gizartea -

Nafarroa

Ostegunean Tafallan piztu zen sutea itzali dute

Ikerketari dagokionez, ustez sutea piztu zuen zigarro muturra aztertzen ari da Foruzaingoa, baina nork bota zuen jakitea oso zaila izango dela aitortu dute.

Suak ia 4.000 hektarea kiskali ditu Tafallan. Argazkia: EFE
Suak ia 4.000 hektarea kiskali ditu Tafallan. Argazkia: EFE
Suak ia 4.000 hektarea kiskali ditu Tafallan. Argazkia: EFE

EUSKADI IRRATIA | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ostegunean Tafalla inguruan piztutako sutea gaur iluntzean itzaltzea lortu dute. Hala ere, suhiltzaile talde bat bertan geratuko da gauean, badaezpada. Suak 4.000 hektarea kiskali ditu.

Bien bitartean, kalteak neurtzen ari dira erakundeak zein Tafalla aldeko nekazari eta abeltzainak. Ikerketari dagokionez, ustez sutea piztu zuen zigarro muturra aztertzen ari da Foruzaingoa.

Egoera baretu den honetan, Foru Gobernuko Ingurumen Departamentuko teknikariak azken 30 urteetako  suterik larrienak eragindako kalteak aztertzen ari dira. Mikel Reparaz teknikariak azaldu duenez, 25 bat urte beharko dira ostegun goizeko paisaia berreskuratzeko.

Gainera, soroetan kalteak jasan dituzten nekazarien salaketak biltzen hasiak dira Foruzaingoaren bulegoetan.

Ikerketari dagokionez,  Puiun, AP-15 autobidean, aurkitutako zigarro muturra aztertzen ari dira Foruzaingoko sail zientifikoan, sutea hark eragin zuelakoan. Alabaina, zigarro-mutxikina nork bota zuen argitzea oso zaila izanen dela  aitortu digu Mikel Santamaria Foruzaingoaren bozeramaileak.

Horrez gain, errepideko trafiko kamerek grabatutako irudiak aztertzen ari dira. Tafallako epaitegiak eta Ingurumen fiskaltzak hartuko dute auzia bere gain.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroako albisteak Suteak bideoak Gizartea albisteak Tafalla albisteak Eguneko albisteak Nafarroako Gobernua berriak