Gizartea -

EAE

Abian da Turismoaren Legea

Legeak dakartzan berrikuntzen artean, etxebizitza opor-egonaldietarako alokatzen duten jabeen egoera arautzea dago.

Bi turista argazkiak egiten, Bilboko Guggenheim Museoan. Argazkia: EFE
Bi turista argazkiak egiten, Bilboko Guggenheim Museoan. Argazkia: EFE
Turismo Legea gaur sartu da indarrean

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Susana Corcuera PSE-EEko legebiltzarkidearen esanetan, euren babesak kutsu "kritikoa" du, testuan "hutsune handiak" baitaude. Adibidez, Jaurlaritzak sustatutako jardunaldiak eta kongresuak lurraldeen artean banatzeko aukera ez dutela jaso ohartarazi du.

Eusko Legebiltzarrak EAJren eta EH Bilduren aldeko botoekin eta PSE-EEren "babes kritikoarekin" onartutako Turismoaren Legea martxan dago gaurtik (abuztuaren 31) aurrera.

Udako oporren aurretik ganberan egin zuten azken osoko bilkuran onartu zuten araudia, kontrako botorik gabe (PPk eta UPyDk zuri bozkatu zuten). Lege horrekin batera, polizia gehiegikerien biktimen legea eta heriotza duinarena ere adostu zituen Legebiltzarrak. Uztaila hilabete balioduna izatea erabaki zuen Legebiltzarraren Mahaiak, hiru legeok onartze aldera.

Lehendakariak EAEko hauteskundeak deitu eta ganberak desegin baino lehen legea onartzeko izandako "presa" kritikatu zuten orduan PSE-EEk, PPk eta UPyDk.

Oporretarako etxebizitzak

Legeak dakartzan berrikuntzen artean, euren etxebizitza opor-egonaldietarako alokatzen duten jabeen egoera arautzea dago. Turismo sektore ofizialaren ustez, horien jarrera desleiala da. Euskal legeak ez ditu mota horretako jarduerak debekatuko, baina baldintza jakin batzuk bete beharko dituzte horien jabeek.

Jarduera horren araudia hobetze aldera, legeak jardueraren definizioa jasotzen du. Hala, testuaren arabera, "turismo- edo opor-arrazoiengatik alojamendu bezala eskaintzen edo merkaturatzen diren etxebizitzak" dira turismorako erabil daitezkeen etxebizitzak, horien ezaugarriak kontuan izan gabe.

Definizioaren arabera, etxebizitza horiek "ustiatzaileak edo kudeatzaileak aldi baterako eta berehala erabiltzeko moduan lagatzen dizkiete hirugarren batzuei. Maiztasunez edo ohikotasunez eta kontraprestazio ekonomiko bidez merkaturatzen dituzte, zuzenean edota zeharka, turismo-eskaintzen kanalak erabiliz".

Turismorako etxebizitza partikularretako geletan eskaintzen den ostatuari dagokionez, titular batek ezingo du "etxebizitza batean baino gehiagotan logelak eskaini edo merkaturatu", horrela eginez gero, "establezimendu horiek beste mota batekoak izango bailirateke".

Gainera, ostatu hartzeko etxebizitza duenak betebehar batzuk beteko dituela adierazten duen ardura-aitorpena izan beharko du (sektore horretan jarduera bati ekingo dion beste edozein agentek legez), eta horrek Euskadiko Enpresa eta Ekintza Turistikoen Erregistroan izena ematea ekarriko du automatikoki.

Legearen atal batek establezimenduak zein kategoria edo mailatan sailkatuko dituzten zehazten du. Kategoria bat edo beste emateko, establezimenduaren kokapena eta ekipamenduak hartuko dira kontuan, baita beste ezaugarri hauek ere: bere eskaintzaren kalitatea, pertsona ezgaientzako prestazioak, sortutako enpleguaren kalitatea, EAEko hizkuntza ofizialen eta beste hizkuntza batzuen ezagutza eta erabilera.

Alderdien balorazioa

Luis Javier Telleria EAJko legebiltzarkideak eskertu egin du PSE-EEren babesa, eta turismoaren sektoreak legea dekretu bidez garatzen parte hartu ahalko duela azaldu du.

Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi du legean neurri "nahikoak" aurreikusten direla sektorea arautzeko. Horren esanetan, helburua ez da "mugak" jartzea, baizik eta "bermeak" ezartzea.

Susana Corcuera PSE-EEko legebiltzarkidearen esanetan, euren babesak kutsu "kritikoa" du, testuan "hutsune handiak" baitaude. Adibidez, Jaurlaritzak sustatutako jardunaldiak eta kongresuak lurraldeen artean banatzeko aukera ez dutela jaso ohartarazi du.

Mari Carmen Lopez de Ocarizen (PP) ustez, testuak "joan den mendekoa" dirudi, eta erregulazioa ez dela egokia gaineratu du.

Azkenik, Gorka Maneirok (UPyD) nabarmendu du legea "zaharkituta" jaio dela, eta ez duela "anbiziorik". Izan ere, erabilera turistikoa izango duten etxebizitzak erregulatzeko eskari bakarra erroldatuta izatea ez da nahikoa, horren iritzian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAJ-PNV Bizkaia Turismoa Euskadi Eusko Legebiltzarra argazkiak Euskal Autonomia Erkidegoa azken ordukoa EH Bildu PSE-EE Araba Albisteak