Gizartea -

Bizkaian

Kirol-probetako animalien kontrola sendotzeko araua onartu dute

Arau berriak animalien dopina eta tratu txarrak prebenitzeko betekizun, prozedura eta kontrolak ezartzen ditu, eta horiek guztiak dekretu bakarrean bildu.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Foru Aldundiak arau berri bat onartu du kirol-probetan parte hartzen duten animalien gaineko kontrola sendotzeko. Dekretuak animalien osasunaren eta identifikazioaren arloko eskakizunak, prozedurak eta kontrolak ezartzen ditu, bai eta kirol-probetan parte hartzen duten animalien dopina eragozteko bete eta jarraitu beharrekoak ere. Halaber, halako probetan animalien ongizatea bermatzeko eta tratu txarra eragozteko baldintzak ezartzen ditu.

Bizkaiko Euskal Joko eta Kirolen Federazioak onartutako herri-kiroletako probetan aplikatu behar da araua; idi eta zaldi-probetan edo beste edozein bobido edo ekidorekin egiten diren probetan, barne.

Bizkaiko Foru Aldundiak jakitera eman duenez, dekretu honen ondorioetarako, dopintzat hartzen da baimendutako ikuskizunetan parte hartzen duten animaliei anestesiak, drogak edo bestelako gaiak ematea, hartara animalien otzantasuna, errendimendu fisiko handiagoa edo berezkoa ez duen beste edozein jokabide lortzeko.

Dekretuak dakartzan neurri berrien artean, aipatzekoa da herri-kiroletarako animalien ustiategien erregistro berezi baten sorrera. Kirolerako animaliak identifikatuta eta zentsatuta geratuko dira erregistro horretan, errentako edo ekoizpeneko ustiategietako animaliez bereizita, errazago kontrolatu eta identifikatzeko.

Halaber, elikatze-sarearen segurtasuna bermatzeko, giza kontsumorako erabili nahi diren animaliek ezin izango dute parte hartu kirol-probetan azken 6 hilabeteetan.

Arauak zehaztu eta indartu egiten du albaitarien kontrola, honako neurri hauen bidez: aurretiko kontrolak eta azterketak; ikuskizunaren gainbegiratzea, eta ikuskizunaren osteko dopinaren aurkako kontrolak (laginak-hartzeko prozedura bat).

Federazioko kantxa-epailearen eginkizunak ere zehazten dira, kirol-proba animalien osasuna arriskuan jarri gabe egiteko eta ez zigortzeko beharrik gabe. Ildo horretan, epaileari behar besteko agintea emango zaio animaliak txarto erabiltzeagatik gurdizainei zehapena jartzeko, kantxatik irtenarazteko edo proba geldiarazteko (beharrezkoa denean).

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da gaur Bizkaian? Gizartea Gaurko azken orduko albistea