Gizartea -
Leherketa handia
Lau hildako piroteknia batean izandako eztandan, Sevillan
Beste lagun bat larri zauritu da Virgen de las Nieveseko piroteknian 13:00 aldera gertatutako eztandan. Lantegiko tailerretako batean zeuden bost langileak, eta airean atera ditu eztandak.
Erredakzioa
Lau lagun hil dira eta beste bat larri zauritu da Sevillan, Benacazonen, Virgen de las Nieves piroteknia enpresan izandako leherketa baten ondorioz, Guardia Zibilak jakinarazi duenez.
13:00ak aldera izan da leherketa eta Guardia Zibilaren 15 patruila, suhiltzaileak eta Babes Zibila ezbeharra izan den tokian leherketaren ondorioz sortutako sutea itzaltzen eta biktimak artatzen egon dira.
Lantegiko tailerretako batean zeuden bost langileak, eta airean atera ditu eztandak.
Larri dagoen laguna Sevillako Virgen del Rocio ospitalera eraman dute. Leherketa handia izan da eta beharginak zeuden lanean eztandaren unean, horregatik biktima gehiago izan daitezkeela adierazi dute.