Gizartea -

Eusko Jaurlaritza

Ia 12,7 milioi euro euskara sustatzeko

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak esan duenez, krisi ekonomikoaren egoerak eragin du aurrekontuaren murrizketa, eta laguntzak mantentzeko egin diren "ahalegina" nabarmendu du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak 12.690.000 euro erabiliko ditu enpresa publiko eta pribatuetan, elkarteetan eta toki erakundeetan euskararen erabilera bultzatu eta sustatzeko. Guztira, iaz baino 410.000 euro gutxiago zuzenduko dira arlo honetara.

Lourdes Auzmendi Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak Gasteizen eskaini duen prentsaurrekoan azaldu duenez, krisi ekonomikoaren egoerak eragin du aurrekontuaren murrizketa, eta laguntzak mantentzeko egin diren "ahalegin handia" nabarmendu du.

Halaber, Auzmendik iragarri du berrikuntzak izango direla diru-laguntzen ordainketan eta "Euskalgintza", "Hedabideak", "Lanhitz", "IKT" eta "EBPN" deialdietara aurkezten diren proiektuen puntuazioan. Gainera, proiektuak aurkezteko epea uztailaren 5ean bukatuko dela gogoratu du.

Ordainketa erari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak ordainketa bakarra egingo du 12.000 eurotik beherako kantitateak badira, eta hortik gorakoak badira, berriz, bi ordainketa egingo ditu, hots, %80 proiektua hasi aurretik eta %20 bukatu denean.

Halaber, Bego Muruaga Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendariak "Euskalgintza" elkarteen esparruan euskara sustatzera zuzenduriko eta hedabideei bideratutako deialdiak aurkeztu ditu.

Aldaketak

Deialdi gehienek iazko diru kopuruak mantentzen dituzten arren, Eusko Jaurlaritzak 510.000 euro kendu ditu Lanhitz deialditik, joan den urteko 2.700.000 eurotik aurtengo 2.200.000 eurora murriztuz. Deialdi hau enpresa publiko eta pribatuetako langileen artean euskara sustatzera zuzentzen da.

Azkenik, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiko (EBPN) deialdiak, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) udalerrietan euskara sustatzera bideratuak, iaz baino 100.000 euro gehiago izango ditu aurrekontuan, eta guztira 1.800.000 euro banatuko ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea