Gizartea -
Euskal Eskola Publikoa
Ez da murrizketarik izango irakaslegoan, Celaaren arabera
Gainera, zentro bakoitzari dagozkion lanpostuen "behin betiko datuak" datorren astean igorriko dituztela esan du eta, horrela, 71 zuzendarik egindako akusazioak funtsarik gabekoak direla ikusiko da.
Erredakzioa
Isabel Celaa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak esan duenez, ez da irakaslegoan murrizketarik izango hezkuntza sare publikoan, langile kopuruari dagokionez, datorren ikasturterako.
Celaak urteroko Euskal Eskola Publikoaren jaian (Amurrio) egin ditu adierazpenok, eta Gipuzkoa eta Bizkaiko Lehen Hezkuntzako 71 zuzendarik sinatutako agiria izan du mintzagai.
Sailburuak adierazi duenez, datorren astean zentro bakoitzean zenbat lanpostu dauden zehazten dituzten "behin-betiko datuak" bidaliko ditu eta, orduan, akusazioak "funsgabeak" direla eta "urduri jartzeko" arrazoirik ez dagoela egiaztatuko da
Celaak azaldu duenez, polemika hau Gipuzkoan sortu zen, zentro batzuen datuak osatu gabe heldu zirelako. Dena den, sailburuaren esanetan, zentro hauen zuzendariek zerbitzu batzuen datuak falta zirela zekiten.
Langile kopuruan "murrizketarik" ez dela egongo berretsi du Celaak eta bera zuzentzen duen Sailak hezkuntza sistemaren kalitatea eta etorkizuna irakaslegoaren hornidurarekin zerikusia duela dakiela adierazi du.