Gizartea -

Indarkeria matxista

Bartzelonako zinegotzi batek sexu erasoa jasan duela salatu du

Maria Rovira CUP alderdiko zinegotziak artatu zuten Mossoen jarrera kritikatu du, eta agintariek eraso matxisten aurrean gehiago egin dezaketela nabarmendu.

Rovira, Twitterren duen profileko argazkian.
Maria Rovira. Argazkia: Twitter
Rovira, Twitterren duen profileko argazkian.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maria Rovira CUP alderdiak Bartzelonako Udalean duen zinegotziak salaketa jarri du Esquadra Mossoen aurrean. Irailaren 1ean eraso sexuala jasan zuen Bartzelonako Gracia auzoan, kalean, Bartzelonako CUPek duen blogean idatzitako post batean jarritakoaren arabera.

 

 

Emakumeen kontrako indarkeriaren eztabaida "sozializatzeko" eta eraso matxistak kasu isolatuak ez direla azalarazteko helburuarekin eman du berari gertatukoaren berri, Ara egunkariari eskainitako elkarrizketa batean azaldu duenez.

"Ez nuen etortzen entzun, berak ere ez zidan aurpegia ikusi. Whatsappetik berba egiten ari nintzen, atzetik harrapatu ninduen eta genitalak ukitzen hasi zitzaidan. Bost minutu izango ziren, agian gutxiago, baina oso luze egin zitzaidan", kontatu du.

Mossoen aurrean salatu du

Roviraren esanetan, erasotzaileari aurre egin zion, eta horrek ihes egin zuen. Handik gutxira, Esquadra Mossoei deitu zien, eta salaketa jarri zuen biharamunean.

Agenteak etxera etorri zitzaizkionean, erasotzailea errugabetzen saiatu zirela iruditu zitzaion Rovirari. Hitzez hitz hauxe esan zioten, horren hitzetan: "Gauza hauek gertatzen dira, pertsona horiek ez daude ondo burutik". Salaketa jartzera joan zenean ere, antzeko jarrera izan zutela gaineratu du.

Beste mosso batek esan ziona ere aipagarria dela uste du Rovirak. Hark kontatu zionez, "kalean sexu eraso gehien gertatzen diren auzoa da Gracia". CUPeko zinegotziaren iritzian, datu horren berri eman beharko lukete agintariek, emakumeak erne ibil daitezen, eta erasotzaileen argazkiak argitaratu beharko lituzkeela ere uste du.

Roviraren aburuz, agintariek, Udaletik ere, askoz gehiago egin dezakete eraso matxisten kontra. Besteak beste, "talde feminista borrokalarien alde egin" edo Poliziaren datuak egoki erabili beharko lituzkete, horren aburuz.

"Oso larria da etxera bakarrik ezin bueltatzea, kalean beldurrez ibiltzea edota terrorismo matxistaren adierazpen guztien aurrean defendatzeko modurik ez edukitzea. Ildo horretan, inoiz baino argiago daukat, autodefentsa feministaren aldeko apustua egin behar dugu", esan du.

Ada Colau Bartzelonako alkateak babesa eskaini dio zinegotziari, eta erasoa salatu izana eskertu dio:

Ànims i suport @mrovira Gràcies x fer denúncia pública, entre totes ho hem de visibilitzar x posar fi a la impunitat https://t.co/6mYcDjfOdv

— Ada Colau (@AdaColau) 16 de septiembre de 2016

"Animo eta babesa Maria Rovirari. Eskerrik asko salaketa publiko egiteagatik, denon artean atera behar dugu azalera inpunitate hau amai dadin"

Sonia Recasens CiUko zinegotziak ere babes hitzak izan ditu Rovirarentzat, eta eraso sexista guztiak gaitzetsi ditu:

.@mrovira El meu suport i rotund rebuig a aquesta i totes les agressions. Que no quedi cap dona sense resposta i ajuda. Una abraçada.

— Sònia Recasens (@sonia_recasens) 16 de septiembre de 2016

_______________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia gaur Bartzelona bideoak Gaurko azken orduko albistea