Gizartea -
Hiru zauritu
Bi kamioiren arteko talkak A-8 autobidea kolapsatu du Muskizen
Ezbeharrean bi kamioik eta auto batek talka egin dute. Kamioietako batek artaziarena egin du. Istripua auto-ilarak eragiten ari da zonan.
Erredakzioa
Hiru lagun zauritu dira A-8 autobidean arratsaldean, Muskizen (Bizkaia), izandako istripu batean. Ezbeharrean bi kamioik eta auto batek talka egin dute. Kamioietako batek artaziarena egin du. Istripua auto-ilarak eragiten ari da zonan.
Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez, kamioietako gidari bat zauritu eta ibilgailu barruan harrapatuta geratu da. 18:30 aldera suhiltzaileak kamioilaria erreskatatzen ari ziren. Bien bitartean, beste zauritu bat Gurutzetako ospitalera eraman dute.
Ezbeharra 135. kilometroan jazo da, Arenako hondartzaren zubia baino lehen dagoen aldapa beheran, Kantabriako noranzkoan.
Zailtasunak
A-8 autobideko zirkulazioa erabat itxita dago Kantabriako noranzkoan. Bitartean, Donostiako noranzkoan ezkerreko erreia dago zabalik, izan ere, ibilgailuek errepideko erdibitzailea zeharkatu dute.
Zirkulazioa Gallartako irteeratik desbideratzen ari dira, N-634 errepidetik.
Ibilgailuetako bat zisterna-kamioi bat zen eta mundruna zeraman. Ondorioz, "ihes txiki" bat gertatu da eta suhiltzaileak garbitzen ari dira.