Gizartea -
Piratei aurre egiteko
Espainiak "bikoiztu" egingo du Indiako ozeanoan duen indar militarra
Defentsa ministroak iragarri du beste bi ontzi militar bidaliko dituztela piraten aurka borroka egiteko. Une honetan 17 ontzi eta 400 pertsona daude itsaslapurren esku.
Erredakzioa
Espainiak ''Galizia'' motako gerraontzi bat eta itsas zabaleko patruilari bat bidaliko ditu Indiako ozeanoko uretara irailaren 1etik azaroaren 20ra, hots, montzoien arteko garaian, piratei aurre egiteko.
Carme Chacon Defentsa ministroak azaldu duenez, Espainiak "bikoiztu" egingo du han dituen baliabide militarren kopurua. Izan ere, bere hitzetan, garai hartan "piratek errazago dute ontziei erasotzea".
Une honetan Victoria fragata dago Indiako ozeanoan, eta Itsas Armadak 300 eta 500 soldadu artean ditu, ontziak babesteko.
''Galizia'' motako gerraontziak helikopteroak eta txalupak ditu, piraten portuak behatzeko. Zeregin hori Espainiak sustatu zuen Atalanta operazioaren baitan, eta emaitza onak izan ditu, itsasoan egindako atxiloketen kopuruak gora egin baitu.
Chaconek txalotu egin du Europar Batasunaren Atalanta operazioaren arrakasta, eta bahiketak erdira murriztea lortu dutela nabarmendu du.
Nolanahi ere, une honetan piratek 17 ontzi eta 400 pertsona bahituta dituztela gogorarazi du.