Gizartea -
Indarkeria matxista
AS Bayonne errugbi taldeko jokalarien sexu-erasoak Durangon
Salaketaren arabera, Baionako errugbi taldeko jokalariek ukituak egin eta musuak eman zizkieten emakume batzuei Durangoko taberna batean, neskek hasieratik lasai uzteko eskatu zieten arren.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Durangoko emakume batzuek salatu dute AS Bayonne errugbi taldeko jokalariek sexu-erasoak egin zizkietela eta, ondorioz, Durango Errugbi Taldeak iragarri du ez duela Baionako taldea berriro udalerri horretara gonbidatuko.
Biktimek Durango Errugbi Taldeari igorritako gutun batean azaltzen dutenez, gertakariak irailaren 3an, gauez, jazo ziren, bi taldeek lagunarteko partida bat jokatu ostean, Durangoko Rugby tabernan zeudela.
Baionako jokalariak emakumeei ukituak egiten eta lepoan eta sorbaldan musukatzen aritu ziren, neskek hasieratik lasai uzteko eskatu zieten arren. "Gurekin txortan egin nahi zutela esaten zuten", erantsi dute.
Salaketa horren berri izan ostean, Durangoko Errugbi Taldea AS Bayonne taldearekin jarri zen harremanetan eta astebeteko epea eman zion gertakari horien aurrean bere jarrera zein den azaltzeko.
Astebete igarota erantzunik jaso ez dutenez, talde bizkaitarrak Baionakoari jakinarazi dio ez duela berriro Durangora gonbidatuko.
Horrez gain, erasoa jasan zuten emakumeei elkartasuna adierazi eta “behar duten guztirako” Durangoko Errugbi Taldearen laguntza izango dutela jakinarazi die.