Gizartea -
Erasoa
Gizon bat atxilotu dute Barakaldon, beste bati eraso egitea egotzita
Zauritua San Eloy Ospitalera eraman dute, ipurmasailean zuen zauria sendatzeko.
EITB.EUS | ERREDAKZIOA
48 urteko gizonezko bat atxilotu dute bart Barakaldon, arma zuri batez ezagun bati kalean eraso egin diolakoan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Ertzaintzak Barakaldoko Udaltzaingoarekin elkarlanean atxilotu du.
Zauritua, berriz, San Eloy Ospitalera eraman dute, ipurmasailean zuen zauria sendatzeko.
Segurtasun Saileko iturriek jakitera eman dutenez, erasoa 20:30ak aldera gertatu zen, Barakaldoko Arana kalean. Lekuko batek telefonoz deitu zuen SOS Deiakera, arma zuriz egindako erasoa izan zela esateko. Erasoaren tokira bertaratutako ertzainek gizon bat zaurituta topatu zuten, eta ezagun batek labanaz eraso ziola eta ipurmasailean zauritu zuela esan zien agenteei. Zauritua, 30 urteko gizonezkoa, San Eloy Ospitalera eraman zuten.
Horren berri jasotakoan, agenteak erasotzailearen bila hasi ziren, eta gaueko bederatziak aldera aurkitu zuten udaltzainek ustezko erasotzailea, Landaburu kalean. Bertaratutako ertzainek identifikatu eta atxilotu zuten ustezko erasotzailea.
Atxilotuak aurrekariak ditu, eta gaur bertan igaroko da epailearen aurretik.