Gizartea -
Sutea
Lau edukiontzi erre dituzte Gasteizen eta piromano baten bila ari dira
Gasteizko Taldearen kalean piztu da sua, eta inguru horretan antzeko gertaerak izan dira lehenago.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Lau edukiontzi erre dituzte gaur goizean Arabako hiriburuko Gasteizko Taldearen kalean, eta Udaltzaingoak sua nahita piztutakoa izan dela uste du; izan ere, aurretik ere izan dira horrelako gertakariak inguru horretan. Hori dela eta, piromano baten bila ari dira.
Gasteizko Udaleko iturriek jakitera eman dutenez, 07:10ean jakin dute, telefono-dei baten bidez, lau edukiontzi sutan zeudela aipatutako kalean. Suaren ondorioz, lau edukiontzi horiek erretzeaz gainera, beroak kalteak egin ditu inguruan aparkatuta zeuden bi ibilgailutan eta zuhaitz batean.
Gasteizko suhiltzaileek ordu erdi inguruan itzali dute sua.
Udalaren esanetan, aurretik ere gertatu dira horrelakoak inguru horretan, eta, hori dela eta, piromano baten kontua dela uste du Udaltzaingoak. Are gehiago, Udaltzaingoak badu ustezko piromanoaren "profila".