Gizartea -
Udalak deitua
Zezenketen inguruan Donostian egin beharreko kontsulta, bertan behera
Espainiako Gobernuko Ordezkaritzak aurkeztutako helegitea aintzat hartu du Donostiako epaitegi batek.
Agentziak | Erredakzioa
Donostiako Administrazioarekiko Auzien 2. Epaitegiak bertan behera utzi du Donostian, otsailaren 19an eta Udalak deituta, zezenketen inguruan egitekoa zen galdeketa.
Espainiako Gobernuak EAEn duen Ordezkaritzak, Estatuko Abokatutzaren bidez, helegitea aurkeztu zuen deialdiaren aurka, eta epaitegiak onartu egin du, galdeketak "Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen Legea" errespetatzen ez duela argudiatuta.
Udalak uztailaren 14an adostu zuen galdeketa egitea, herri-galdeketak egiteko araudian jasotakoari men eginez. Aitzitik, araudi hori baliogabetu zuen EAEko Auzitegi Nagusiak. Erabaki horren kontra helegitea aurkeztu zuen Donostiako Udalak, eta, horrenbestez, EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpena irmoa izan arte, "indarrean" dagoela uste du.
Eneko Goia Donostiako alkatearen aburuz, "ezkorra" eta "zentzugabea" da galdeketa bertan behera uztea.
Autoa
Epaileak ez du auziaren muina aztertu, eta tartean 'pediculum in mora' edo berandutzeko arriskuaren printzipioa dagoela argudiatu du. Hau da, epailearen ustez, pentsatzekoa da galdeketa egiten den egunerako "ebazpen irmorik ez egotea", eta, beraz, Administrazioarekiko auziaren prozesua "berandutzeko arriskua" egotea.
Epaitegiak nabarmendu duenez, galdeketa bertan behera utzita, "ez zaio interes orokorrari edota hirugarren baten interesari kalte handirik egiten", eta hura baimenduta, berriz, galdeketaren kontrako "helegitearen helburu legitimoa" galduko litzateke.
Urquijoren adierazpenak
Erabaki horrengatik, Carlos Urquijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak gogor kritikatu du Eneko Goia buru duen erakundea. Ohar baten bidez adierazi duenez, Udalak ez dio legeari jaramon egin. Izan ere, horren ustez, galdeketa ezingo da egin "auziaren funtsa argitzen duten arte".
Urquijoren esanetan, "burugabekeria" horren "erantzule bakarra" Donostiako Udala da, herri-galdeketak egiteko araudia behin-behinean baliogabetuta egon arren deialdiari eustea erabaki zuelako, "Legea aintzat hartu gabe".
Espainiako ordezkariaren iritzian, "eztabaida zentratu egin behar da, hutsaldu ez dadin". Horren ustez, auzi honetan "kontua ez da zezenketen kontra edo alde egotea, baizik eta herritarren ordezkariek Zuzenbide Estatua errespetatzea beti, ez nahi dutenean bakarrik".