Gizartea -

Genero indarkeria

Emakumeak nagusi dira Abadiñoko bi hilketak argitzeko epaimahaian

2014an, bere emaztea eta amaginarreba hil zituen akusatuak. Gizonak, hura aurkitu zuten enpresan lapur batzuek eraso egin zutela irudikatu nahi izan zuen.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2014an bi emakume hilda agertu ziren Abadiñoko etxebizitza batean. Handik ordu batzuetara, hildako emakume gazteenaren senarra atxilotu zuten, bere emaztea eta amaginarreba hiltzea leporatuta. Datorren urriaren 10etik 21era bitartean, akusatuak aurre egin beharko dio 43 urteko kartzela-zigorra eskaerari, eta epaiketa horretako epaimahaian emakumeak izango dira nagusi.

Akusazioak 300.000 eurorainoko kalte-ordainketa eskatzen du bi hildako horien familientzako. Akusatuak, hura aurkitu zuten enpresan lapur batzuek eraso egin zutela irudikatu nahi izan zuen. Horretarako, sua piztea erabaki zuen, baina ezin izan zion bere bertsioari eutsi eta, azkenean, hilketaren egilea bera zela aitortu zion Ertzaintzari. Hori dela eta, akusazioak enpresa horretan sortutako kalteak ordaintzea eskatzen dio akusatuari.

Halaber, akusazio bezala epaiketan parte hartuko duten alde guztiek diote ahaidetasuna ere kontuan izan behar dela hilketa bikoitza horretan. Arrazoi horregatik, 40 urteko kartzela-zigorra eskatzen dute akusatuarentzat (20 urte, hil zuen emakume bakoitzagatik).

Era berean, Atxondoko aroztegian kalteak sortu zituela leporatzen diote akusatuari. Antza denez, gertatutakoa lapurreta bat izan zela irudikatzeko sutea piztu zuen bertan, baina suteak kalteak eragin zituen inguruko beste enpresa batzuetan. Hori dela eta, hiru urteko kartzela-zigorra eskatzen du akusazioak.

Fiskaltzak eta akusazioak egin dituzten idatzietan, hilketari buruzko antzeko kontaketa egiten dute. Idatzi horien arabera, akusatuak 06:30ean hil zuen bere emaztea. Lo zegoela eta defendatzeko aukerarik ez zuela baliatuta, makila bat hartu zuen eta buruan kolpeak eman zizkion bere emazteari, behin baino gehiagotan. Jarraian, arnasa hartzea eragotzi zion, eta, itota, ohean bertan hil zen.

Modu berean, haren amaginarrebaren logelan sartu zen, eta aurretik erabili zuen makila berbera baliatuta, kolpe batzuk eman zizkion buruan. Ondoren, emakume horren alabarekin egin zuen bezala, asfixiatu zuen.

Une horretan, akusatuak etxebizitzatik ihes egin zuen eta bere ibilgailua hartu zuen Atxondoko aroztegira joateko. Bidean, baina, bi emakume horiek kolpatzeko erabili zuen makila bota zuen, hildakoen sendiaren abokatuak adierazi duenez.

Enpresa horren barruan, sua eman zion plastikoz gainezka zegoen bidoi bati. Horrek, sute handia eragin zuen eta pabilioian, baita inguruko beste enpresa batzuetan ere, kalte handiak eragin zituen, Fiskaltzak dioenez.

Bertako langileek, gizonezkoa barruan aurkitu zuten, hankak lotuta, makina batetik zintzilik zegoela.

Epaiketa hasten denean, eztabaida baten ostean bi emakume horiek hil zituela onartu dezake akusatuak. Modu horretan, erailketa delitua onartuko luke, eta hildako emakume bakoitzagatik hamar urterainoko kartzela-zigorrari aurre egin beharko lioke.

_________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da gaur Bizkaian? Gaurko albisteak Gipuzkoa Epaiketak Gizartea bideoak Emakumeen kontrako tratu txarren salaketak Gaurko azken orduko albistea Feminismoa gaur Krimenak azken ordukoa Durangaldea albisteak Abadiño albisteak