Gizartea -

'A'

Honelakoa da Pasaiako portuan sartu den luxuzko ontzi errusiarra

119 metro luze eta 19 metro zabal da, eta 300 milioi dolarreko prezioan jarri dute salgai.

Argazkia: EiTB
Argazkia: EiTB
'Megayate A' luxuzko ontzia Pasaiako portura heldu da

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

'A' izeneko luxuzko ontzia atzo sartu zen Pasaiako portuan, eta hiruzpalau egun egingo ditu bertan. Luxu handiko hamar ontzi garestienetako bat da, eta Andrey Melnichenko aberats errusiarrarena da.

119 metro luze eta 19 metro zabal da, eta 300 milioi dolarreko prezioan jarri dute salgai.

Itsasontziak 2.200 metro koadroko azalera du, eta horren barruan, 240 metroko koadroko kamarote nagusia, 14 gonbidaturentzako sei kamarote eta tripulazioko 42 kideentzako tokia.

Kamarote eta logelez gain, beste hauek ditu: brankan, igerileku bat eta heliportu bat; popan, bi igerileku; beheko kubiertan, diskoteka bat, eta egongela nagusian, jacuzzi bat.

Segurtasunari dagokionez, balen aurkako kristalak, 40 segurtasun kamera, mugimendua atzematen duten sentsoreak eta hatz-marka bidezko sistema ditu. Urtean 20 milioi dolar inguru behar dira ontzia mantentzeko lanetarako, eta 400.000 euro ordaindu behar dira erregai-depositua betetzeko.

Bestalde, 23 korapiloko abiadura har dezake, eta 12 korapiloko abiaduran 6.500 itsas milia egiteko autonomia du (12.000 kilometro inguru).

Philippe Starck frantziarrak diseinaturiko ontzia da, eta urpeko ontzi batean inspiratuta dago. 2008an uretaratu zuten, eta jabearen emaztearen omenez jarri omen zioten "A" izena, Aleksandra baitu izena.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Gipuzkoa Gizartea bideoak Pasaia bideoak Gaurko azken orduko albistea